2015(e)ko martxoaren 31(a), asteartea

Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak prestatzen...

Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (hau da, gure majisen) Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak prestatzen ari gara 2015eko apirilaren 13tik 20ra bitartean, topaketa irekiak eta doakoak.
Topaketaren behin-behineko programa
Antolaketa bera Majisteritza Eskolan egin nahi dugunaren prozesuaren parte denez, alegia, jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK lan egitea sustatzen, bat-batekotasunean, uneoro sortzen doana baliatuz... topaketaren hedapena bera ere aitzakia da geure artean komunikatzeko, ikasle gehiago inplikatzeko eta partaide sentitzeko, gure ideia eta kezkei buruz hitz egiteko, besteekin loturak eginez... bitartekaritza desiratuetarantz.

Azken batean, Ilusionista Sozialen Mintegiaren eratzea ere aitzakia da eta probokazioa Magisteritzako giroa aldatzen joateko eta topatzeko gune eta denbora gehiago egon daitezen, autogestionatzen diren espazio eta denborak, hezitzaileak eta oro har jendea ilusioz betetzeko, eraldaketaren itxaropenean.

KOLEKTIBOKI ERAIKITZEN, LURRALDEAK ESPAZIO BIHURTZEN...

*Gertaeren narrazio subjektiboa hemen dago jasota:

Topaketak Eskolako ikasleen artean hedatzeko, komunikazio ekintzetako bat izan da mural bat egitea, Mintegiko jarduerak bertan jartzen joateko. Eta muralaren prestatzea bera topaketa bihurtu zen, topagune, ordutegirik gabeko topagunea, zeinetan jendea hurbiltzen joan zen, laguntzen, ekarpenak egiten...


Murala prestatzen eman genuen denboran, pertsona batzuk ailegatzen ziren eta gurekin berriketan egin, bai jardunaldiei buruz eta bai bestelako kezka eta gaien inguruan... zenbait jende bertatik pasatzen ari zelarik tarte batez geratu zen gurekin... edo erabakitzen zuen gurekin geratzea klasera joan ordez...


Baita ere, logoaren lehen bertsioan lanean jarri ginen, Ilusionista Sozialen Kolektiboaren logoa bertsionatuz eta Majisetik hain gertu dagoen Haizearen Orraziaren irudiarekin jolastuz....



Kolore pixkat eman genion behin-behineko bertsiorako, baina seguru bertsio gehiago izango duela:


Sortu dugun informazio-murala inperfektua da, nahas-mahasa, kaotikoa... esango du baten batek ez duela ondo komunikatzen... baina bertan prozesuan izan ginenok, lanean, badakigu kolektiboki eraiki genuela eta goiz horretan gertatu zenak ilusioa piztu zuela jendearengan, Eskolaren lurraldea, unetxo batez, espazio bihurtu genuelako. Horrek ezinezko berrietara eramango gaitu!


Gainera, murala eta gertatutako guztia ikasturtean zehar beste talde batzuetan garatzen joan ginen errepikapen sortzailea izan da, hala nola @decomagis, 3. mailakoen itzulketa-murala, 4. mailako komunikatzeko moduak, eta hemendik aurrera Ilusionista Sozialen Mintegia deituko diren kedadetan bizi izan duguna...


"Pentsatzen hasiz gero, konturatzen gara zenbait tokitan ordutegi eta erabilera jakin bat zehaztua daukagula: saltoki-gunea, eskola… Horrelako tokiak LURRALDEAK dira, izan ere, erabilera jakin bat daukate (adibidez: irakasleak ikasleak ikasgelatik kanpora bidaltzen duenean). Gainera, ORDUTEGIA daukate, hau da, ezin ditugu erabili nahi dugunean. Halako tokiek, jende arteko harremanak pobretu egiten dituzte eta kontsumo edota ikuskizun erlazioak izatea sustatzen dituzte, leku hauetan agintzen digutena egiten dugulako edota ikusle huts bihurtzen gaituztelako. Zenbat eta toki gehiago definitu horrela, hainbat eta pobreagoak eta interesatuagoak (instrumentalagoak) izango dira gure harremanak.

Badira, aldiz, gauza ezberdin asko egiteko erabiltzen diren lekuak, jendeak lekua era ezberdinetan erabiltzen duelako edo talde berak erabilera ezberdina ateratzen diolako (kasu honetan bezala, pasabide batean ikasle batzuk lan bat egiten ari dira, jendea berriketan, ikaskideen zain...): honelako tokiei ESPAZIO deritzegu. Eta leku hauek arretaz aztertzen baditugu, ikusiko dugu honelako lekuek ez daukatela ordutegirik ez zeregin finkorik; nahi dugunean sartu eta atera gaitezke, hau da DENBORA deitzen dioguna. Espazioetan, pertsonen arteko bitartekaritzak hartzen du garrantzia." 

Javier ENCINA y otr@s (2011). Participando CON y DESDE la gente.
Sevilla (Andalucía): Colectivo de Ilusionistas Sociales, UNILCO-espacio nómada.
Itz.: Lide Salbarredi, Ainhoa Ezeiza


2015(e)ko martxoaren 25(a), asteazkena

Cuernavaca-Donostia-Sevilla topaketaren bideoa!!!


Herenegun, martxoak 23, skype bidez konektatu ginen Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM) Gizarte Ikasketen Fakultateko ikasleekin eta Ilusionista Sozialen Kolektiboko hainbat kiderekin (hona aurretik idatzi genuena), eta azkenean Javier Encina Kolektiboko koordinatzailearekin ere hitz egin ahal izan genuen.

Oso aberasgarria eta zirraragarria izan zen topaketa, eta amaieran grabazioak egin genituen, audio grabazioa Cuernavacan eta bideoa Donostian...


Hona egindako muntaia, ea gustuko duzuen! Hau hasiera baino ez da!!! Hurrengo hitzordua: apirilaren 20an izango da, animatu eta parte hartu!


2015(e)ko martxoaren 21(a), larunbata

Cuernavaca-Donostia konexioa!!!

Datorren astelehenean, martxoak 23, Donostiako 18:00etan eta Cuernavacako 11:00etan, ikasle ilusionisten konexioa egingo dugu Skype bidez!!!


Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM) Gizarte Ikasketen Fakultateko Gizarte Laneko ikasleek euren esperientzia kontatuko digute komunitatean lanean, Patios de la Estación auzoan egindako partaidetza-prozesuan, Moreloseko Ilusionista Sozialen Kolektiboko Amadeus eta Jessicarekin batera.

Cuernavaca (México) GoogleMapsen

Gu oso bestelako ingurunean ari gara lanean, Magisteritza Eskolan eta praktiketako eskoletan eragiten, hezkuntzaren eraldaketaz hausnartzen... eta gogo handia dugu euren esperientzia komunitario horretatik ikasteko eta geure esperientziak ere eurekin trukatzeko. Nahi duena etor dadila gurekin hitz egitera, Donostiako Magisteritza Eskolako 1.4 gelan egongo gara 18:00etatik aurrera, eta lehenago (17:00etatik aurrera) kafetegian joango gara elkartzen.


LOS PATIOS DE LA ESTACIÓN ILUSIONISMO ESPERIENTZIAZ BI HITZ...

Los Patios de la Estación Cuernavacako auzo bat da, pobreziak, drogek eta bortizkeriak markatua dagoena, jende asko ez da ausartzen bertatik pasatzen eta auzolagunak abandonatuta sentitzen ziren. 2011ko otsailean, Komunitatearen Zentroa berritzeko aitzakiaz, Fundación Comunidad izeneko erakundeak UNILCO México gonbidatu zuen partaidetza prozesuak dinamizatzera, bertako jendea inplikatu zedin zentroaren berrikuntzan eta elkarrekintzan. Orain, partaidetza prozesuaren amaieran daude eta Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko ikasleek praktikak bertan egin dituztela eta, oso hunkigarria da jakitea zenbat aldatu den auzoa eta nola hobetu diren auzokideen arteko harremanak.



Horrez gain, unibertsitateko ikasleek ikasi dute bertako jendearekin eta jendearengandik ikasten, elkarrekin lan egiten, horizontalki, parez pare, UNILCOko Juan Manuel Zaragozarekin batera.

Esperientziaz pixka bat gehiago jakiteko:
http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=644
http://dialogocomunitario.blogspot.com.es/


Hona aste honetan ikasle batzuek grabatu duten bideotxoa:


Irrikaz gaude zuekin hitz egiteko!!!


2015(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Historia pixka bat...

Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, 2014ko maiatzean hasitako bide bat jorratzen ari gara: jabe-gabetzea ("desempoderamiento"), hezkuntzaren jabe-gabetzea, ikaskuntzaren autogestioa eta ilusionismo soziala.

Lehenik, "Jabe-gabetzea, Partaidetza eta Autogestioa" izeneko mintegi laburra antolatu genuen (hemen orduko blog-sarrera) Ikaskidetza Proiektuaren barruan, 2014ko maiatzaren 6-7an, Juan José Calderón @eraser eta Javier Encinarekin. Mintegi honek ikuspegia guztiz aldatu zigun eta hortik, uztailaren 16an beste mintegi labur bat egin genuen, "Jabe-gabetzea: hezkuntzarena, estetikoa eta komunitarioa", Ikaskidetza Proiektuaren itxiera gisa, oraingoan Magisteritzako ikasle batzuk gonbidatu genituen eztabaidara, beste irakasle, gizarte-eragile eta eragile kultural batzuekin batera.


Harrezkero, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Ilusionista Sozialen Kolektiboaren eta UNILCO-espacio nómada elkartearen laguntza izan dugu, 2014-15 ikasturtean zehar partaidetza eta jabe-gabetze prozesuak martxan jartzeko, blog honetan eta gaztelaniazko beste honetan argitaratzen gabiltzan eran. Ikasleon arteko kidetza eta ikaskuntzaren autogestioa sustatzeko, watxap talde bat sortu dugu, hainbat eposta-zerrenda eta duela gutxi, Facebook-eko taldea.

Hainbat kedada, topaketa, debate... egiten ari gara 2014ko azaroaz geroztik, baita bideoen ekoizpena, itzulpengintza... ere, eta pentsatu dugu unea iritsi dela ofizialki mintegi egonkor bat eratzeko: ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA.