2015(e)ko apirila 30, osteguna

Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak: MEMORIA eta ESKERTZAK

Topaketen amaierara iritsi garela eta, kontuak argitzeko idatzi dugun memoria zabaldu nahi dugu sarrera honetan.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu parte hartu duzuen guztioi. Oso jardunaldi aberasgarriak izan dira eta piloa ikasi dugu, hausnartu, eztabaidatu, trukatu, jolastu, dibertitu... espero dugu topaketa hauek bide luze baten hasiera izatea... edo hobeto, biderik gabe ibiltzen ikasten laguntzeko tresna izatea...

Eskerrik asko, halaber, hain urrutitik etorri zinetenoi: Javier Encina, aste osoan gurekin aritu zinelarik eta berez, iazko maiatzetik guri laguntzen aritu zarelako asko, asko dugu eskertzeko. Begiak zabaldu dizkiguzu!!!

Eskerrik asko Fabián Tellechea Watu eta María Rivasés, ze ederki pasa genuen, zenbat barre!!! Eta aldi berean, zenbat ulertu genuen, sentituz, pentsatuz eta ekinez aldi berean. Zoragarria izan zen!

Mila esker, nola ez ba, Rafael Amor eta Pili Camposi, ze hunkigarria izan zen zuekin pasatako eguna, kontzertua, berriketa, sukaldatzea... inoiz ez genuen ametsetan ere pentsatuko halako kontzertua antolatzeko moduan egongo ginenik, eta Mintegikook lortu dugu, elkarlanean!!!

Ez gaude ahaztuta Magisteritzako langileokin. Lan ederra ematen dizuegu eta hala ere, zuek beti modu onean aritu zarete gurekin: Loren, Mari, Agurtzane tabernariak, Leo, Marian, Patxi, Izar atezainak, Juanan, Marijo, Juan Luis, Antxon. Begoña, Uxue, Cristina administrariak, Goyo teknikaria, kopistegiko Xeles, garbitzaile talde bikaina,.. Lan isila egiten duzue baina oso garrantzitsua.

Eskerrik asko, noski, Eskolako Zuzendaritza eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko zuzendaritza taldeei, baimenak eman eta gure kontuak beti aditzeko prest egoteagatik.

Hona gure txostena:
https://drive.google.com/file/d/0B3tWRBcPCuVhU2h3OVB2X2t1dVE/view?usp=sharing



Eskerrik asko, azkenik, ekitaldi hau diruz lagundu duzuen erakundeoi:

ILUSIONISMO SOZIALA ikerketa-taldea (UPV/EHU) (gu geu, alegia...)

UNILCO-espacio nómada Sevilla - Colectivo de Ilusionistas Sociales



Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola


Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusa





2015(e)ko apirila 27, astelehena

Cuernavaca-Donostia 2. konexioa: Esperientzien trukea

2015eko apirilaren 20an, Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketen jarduera gehigarri gisa, Mexikoko Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM) Gizarte Ikasketen Fakultateko ikasleekin eta Ilusionista Sozialen Kolektiboko bertako hainbat kiderekin topaketa birtuala egin genuen, bigarren aldiz.


Lehen topaketa martxoaren 23an egin genuen eta oso aberasgarria egin zitzaigunez, berriz topatzeko aukera baliatu nahi izan genuen, jardunaldien itxitura ekitaldi gisa. Hona lehen topaketari buruzko sarrera, bideo eta guzti!
http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/2015/03/cuernavaca-donostia-sevilla-topaketaren.html

Oraingoan Javier Encina Sevillatik aritu beharrean gurekin batera zegoen eta errazagoa izan zen, hartara, konexioa eta elkarrizketa. Esperientziak trukatzen aritu ginen, baita kezkak ere, eta jabe-gabetzea zer den nola interpretatu genuen eztabaidatzen aritu ginen. Egia esan, bertako esperientziak asko laguntzen digu kontzeptuaren zentzua zabaltzen, gu eskolan aritzen baikara oro har (edo unibertsitatean) eta eurak kale-dinamiketan ari dira, gehienbat Patios de la Estación-en eta Texcal-en, Moreloseko auzo txiro eta gogorretan...

Hementxe duzue euren eztabaida-bideo bat, konfiantzaz eta itxaropen aktiboaz, besteak beste: https://youtu.be/UpVxL1xY1mA


Zenbaitetan gaizki-ulertuak izan genituen, baita arazo teknikoak ere... baina batez ere ederrena da konplizitateak sortzen ari direla, alaitasunez eta interes handiz aritzen gara solasean eta poliki-poliki ari gara eraikitze kolektiborako ateak zabaltzen...

Espero dugu datorren ikasturtean elkarlan horretan segitzeko aukera izatea. Eskerrik asko Cuernavacako Ilusionista Sozialei, topaketa hauek posible egiteagatik!!!


2015(e)ko apirila 25, larunbata

Rafael Amor kantariaren kontzertu bikaina eta elkarrizketa!


2015eko apirilaren 18an, Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketen itxitura ekitaldi gisa, Rafael AMOR kantaria etorri zen Irungo Kabigorri Ateneora eta aurretik, gurekin bazkaltzera Kabigorri Elkartera. Zoragarria izan zen, deskribaezina, gure mintegia eratzeko topaketetara etorri izana!!!


Rafael Amor kantariak, juglarrak, kantoreak, bere ibilbide osoan zehar behin eta berriz erakutsi du bere konpromisoa ahulenekin, pobrezian bizi direnekin, Botereari aurre egiten diotenekin... Ospe handia lortu zuenean, uko egin zion musikaren industriaren atzaparretan erortzeari, hartara berak erabaki ahal izango zuen nori, norekin, norentzat kantatu. Gugana etorri izanak ezinezkoaren itxaropenaren ideia indartzen lagundu zuen, aste batzuk lehenago inolaz ere ez baitzitzaigun bururatuko halako kontzertu goxoa antolatu ahal izango genuela Mintegian!

Kontzerturako gonbidapena
Gonbidapen batzuk egin genituen, Majisteritzako jendea kontzertura gonbidatzeko, batez ere normalean ikustezina den oso jende garrantzitsua gonbidatu nahi genuelako, eskerrak emateko egiten duten lanagatik: atezainak, garbitzaileak, idazkaritzako langileak, tabernariak... Kontzertua oparitu nahi genien (nahiz eta berez sarrera doakoa zen...).

Amaia Larrea @ALEbidun-en argazkia

Izugarri ederra izan zen Rafael Amor eta Pilar Camposekin pasatako denbora, bazkaria prestatzea, elkarrekin bazkaltzea, bazkalosteko solasaldia... irratsaiorako elkarrizketa barne... eta are harrigarriagoa izan zen kontzertua entzuten ari ginela konturatzea kontzertuan Rafael hariltzen joan zen gaiak eta kantuak lotuta zeudela ordu pare bat lehenago izandako berriketekin! Horrek erakusten du Rafael Amor ofizio handiko, izugarriko kantaria izateaz gain, sentsibilitate itzeleko pertsona dela, jendearekin batera pentsatzen dituena kontzertuak, jendea sentituz, jendearen kezkak eta itxaropenak bilduz...


Hementxe bideo laburtxo bat bazkalostean egindako kantutxo batena...


Argazki gehiago:
https://plus.google.com/photos/107647287774882045723/albums/6144014406593550145?authkey=CKzSy6iXltvK1AE

Eta hona Ondarruko Radixu Irratiarentzat egindako elkarrizketa
(deskargarako esteka: http://radixu.info/igotako_podcastak/bereziaknaiara1430650590.mp3):


Eskerrik asko kontzertuaren antolaketan parte hartutako guztioi, Kabigorri Ateneoko kideei, Jon Corrali eta, batez ere, bihotz-bihotzez, Rafael eta Piliri. Muxu handiak denoi!


2015(e)ko apirila 24, ostirala

"Desempoderamiento, Juego y Oralidad" liburuxkaren aurkezpena

2015eko apirilaren 17an, Ludopedagogiako 2. saioaren amaieran, "Desempoderamiento, Juego y Oralidad" liburuxkaren aurkezpena egin genuen Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketetako jarduera osagarri gisa. Majisteritzako kafetegian egin genuen giro ederrean, mokautxo bat hartzen genuen bitartean...


Encina, J., Ezeiza, A. (koord.) (2015). Desempoderamiento, Juego y Oralidad. Colección Autogestión de la Vida Cotidiana. Sevilla/Donostia: UNILCO-espacio nómada, Bitiji-Toreador de Pájaros. ISBN: 978-84-15602-10-1.



Liburu honetan, hainbat artikulu bildu ditugu jabe-gabetzearen gaian sakontzeko, ikuspegi desberdinak dituzten autoreen lan zehatz batzuk bilduz, hartara iritzi aniztasunean oinarritutako hausnarketak sustatzeko.

Hona aurkibidea:

Zaguán
La lengua, señores. Agustín GARCÍA CALVO.
Elogio del analfabeto. Hans Magnus ENZENSBERGER.
Un alegato en favor de la investigación de la cultura escrita lega. Ivan ILLICH.
Nuevos modos de leer. Jesús MARTÍN-BARBERO.
Ludopedagogía: Una forma de mirar el fenómeno del juego. Fabián TELLECHEA.
El desempoderamiento. Una introducción. Javier ENCINA y Mª Ángeles Ávila.


Espero dugu zuen gustukoa izatea!!! Idatzi hemen zure iruzkinak!

2015(e)ko apirila 23, osteguna

Ludopedagogia Tailerra, jolasa partekatzeko modu gisa


2015eko apirilaren 16 eta 17an, Ilusionista Sozialen Mintegia Eratzeko Topaketen jarduera gisa, LUDOPEDAGOGIA tailerra egin genuen Fabián Tellechea "Watu" uruguaitarrak eta María Rivasés zaragozarrak gidatua Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Benetan pozgarria, alaia, dibertigarria, bizia, jostagarria, zirraragarria izan zen saioa eta primeran pasa genuen. Ludopedagogiaren metodologia ezagutu nahi genuen eta ezagutzeko modurik onena EGINEZ/SENTITUZ/PENTSATUZ da, dudarik gabe!

Jolasaren hegaldia hartzeko prestatzen...

ZER DA LUDOPEDAGOGIA?

Ludopedagogia eraikitze kolektiboko metodologia bat da, oraindik zabalik eta amaitu gabea, 1989an Uruguayko La Mancha zentruak sortutakoa, eta bere proposamena da ikuspegi metodologiko batetik jolasteko gaitasuna berreskuratzen saiatzea, balioestea eta bersortzea/jostatzea, ulertzen duelako jolasa ibilbide baliozkoa dela errealitatea ber-deskubritzeko (errealitate intimoa, publikoa, kolektiboa eta pertsonala), baita jakintzarekin uztartzeko forma bat ere. Beste mundu posible batzuen jaiotzan lagundu nahi du, eta horregatik, bere helburua da bizi dugun errealitatea eraldatzea.


Proposamen politikoa da funtsean, asmoa errealitatea eraldatzeko jarrera eta ekintza indibidualak eta kolektiboak sustatzea baita; giza-esistentziaren baldintza objektiboak eta subjektiboak aldatuz, pertsonen garapen osatuagoa bilatu nahi da metodologia honen bitartez.


Gehiago jakiteko: http://www.mancha.org.uy/uc_2030_1.html


METODOLOGIAK ETA TRESNAK... SAIOAREN HAUSNARKETA



Zoragarria izan zen parte hartu genuen guztiok gure sentipenak partekatzea, ezin esan zenbat barre egin genuen!!! Jolasak hausnaketekin tartekatzen joan ziren bi egunetan zehar, gure kasuan bereziki partaidetzaren inguruan ideiak trukatzeko erabili genuen hausnarketaren atala, baita ludopedagogiaz beraz hausnartzeko ere. Jolasek eragin zizkiguten sentipen biziek gure artean desberdin erlazionatzen lagundu ziguten. "Watu"-ren hitzetan, horrela jolastea planu kontzientearen eta ametsen planuaren artean kokatzen gaitu eta horrela, errealitatea beste era batera ulertzera, beste errealitate batzuk ikusten lagun diezaguke.


Ludopedagogia metodologia gisa planteatzen denez, Ilusionismo Sozialetik lan egiten dugunean metodologiak baztertu egiten ditugula eta, eztabaida sortu zen amaieran metodologia eta baliabideen artean. Beharrezkoak dira metodologiak? Metodologiak erabiliz, bi egun horietan gela horretan landu genuenak haratago parte hartzera, eraikitze kolektibora, errealitatearen eraldatzera eramango gaitu? Bertan bizi izan genituenak gelatik kanpo transferituko ditugu?...

METODOLOGIAK dinamizatzaileen ahotsaren menpe kokatzen gaitu (jarraipideak, arauak, hurrenkerak...). Gure ustez, ludopedagogia BALIABIDE gisa tresna indartsua da blokeoak gainditzeko bizipozaren laguntzaz, harremanak horizontalizatzen laguntzeko (esaterako ikasle-irakasle mugak gainditzen laguntzeko), elkarren arteko ezagutzaren atea zabaltzeko, dezentratzeko... Eraldaketarako bide berriak zabaltzeko, azken batean! Gainera, jolasaren aldarrikapena ere oso baliotsua iruditzen zaigu bitartekaritza desiragarriak sortzeko eta dinamizatzeko teknikak garatzeko tresna dela uste baitugu.


Poz handia eman zigun elkarrekin jolasteak ludopedagogiaren ikuspegitik eta benetan eskertuta gaude Watu eta Maríari mintegia eratzeko topaketetan gurekin batera egoteagatik! Seguru berriz izango garela elkarrekin!!!


2015(e)ko apirila 22, asteazkena

Hezkuntzaren jabe-gabetzea... posible ote? Apirilaren 15eko saioa

*Maider Aizpuruak idatzitako sarrera, Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketetan egindako Hezkuntzaren Jabe-Gabetzearen saioko koordinatzailea (2015/04/15ean egindakoa).


Eskerrik asko, bene-benetan!!!! Ohore handia izan da hezkuntzaren jabe-gabetzearen saioa koordinatzea. Saioa gidatzeko ardura proposatu zitzaidan eta ordudanik ilusio handia izan dut, bizipoza eta gogo bizia aurrera ateratzeko.

Saioko hizkuntzari buruz, argi neukan partaideen artean euskaraz ez zekiten pertsonak baldin bazeuden, gaztelaniaz egingo nuela, inportanteena elkar ulertzea eta komunikatzea baita, gure esperientziak eta jakintzak trukatzea. Hori bai, hasieratik adierazi nien neure iritzia kideei eta transmititu nahi izan nuen norbera libre zela nahi zuen hizkuntza hautatzeko, jakina!

Onartzen dut plazerra izan dela. Oso lagundua sentitu naiz aspaldiko lagunengandik (Lander, Itziar) saiora etortzeko ahalegina egin dutenak euren iritzi interesgarriak gurekin partekatzeko; eta, noski, oso baliotsua izan da kide eta lagun berriak, ilusionita sozialak, neurekin batera sentitzea (Lide, David, Naiara, Ainara) eta beren ikuspegiak jasotzea; eta nola ez, jabe-gabetzean eta partaidetzan aditu direnen ekarpenek (Ainhoa, Javi) saioa borobildu dute eta posible egin dute topaketa hau benetan aberasgarria izatea. Zintzoki, uste dut zaila izango dela geuri denoi bizitako esperientzia hau ahanztea.


Hori gutxi balitz bezala, honek denak posible egin du lasaitasun eta konfiantza giroa sortzea beldurrik gabe eta mugarik gabe hitz egiteko, libreki, eta plazerra izan da konpartitzea, hitz egitea, sentitzea, bizitzea, barre egitea, aditzea eta jakintzak kolektiboki eraikitzea.

Logikoa den bezala, halako giro lasaian gauza askorik buruz solastu gara, esperientzia pertsonalak konpartitzean. Baina batez ere hezkuntzaren jabe-gabetzeaz jardun dugu eta nola jabegabetu partaidetzaren eta harreman horizontalen bidez, maitasunez, errespetuz eta konfiantzaz tratatuz pertsonak, elkarren artean. Hizketaldian zehar, honelako galderak sortu dira:


Nola jabegabetu? Zein da sekretua/konponbidea? Posible ote da? Eta ez badigute uzten?



Saiatu gara horri denari erantzuten, magisteritzako praktiketan haurrekin izandako esperientziak eta unibertsitatean bizitakoak komentatuz. Zorte handia izan dugu, egia esan, aukera izan dugulako gure jakintzak praktikan jartzeko errealitatean, eta frogatu ahal izan da nolabait, zaila izanda ere (oso zaila zenbaitetan) POSIBLE DELA hezkuntzaren jabe-gabetzea praktikan garatzea eskolan eta unibertsitatean, eta ikasgeletan transmititu daitezkeela beste modu batzuk egiteko, pentsatzeko eta sentitzeko eguneroko espazio eta denboretan. Sekretua, beharbada, gauza txiki, posibleetatik hastea, eguneroko gauzetatik, eta testuinguruaren arabera, taldearen arabera, ekin eta partaidetza-ekintzak gauzatzea martxan zehar eta sortzen diren aukerak probestuz. Ez dago erantzun gako bat edo soluzio bakar bat, lekuaren eta unearen araberakoa da. Baina argi izan behar dena da GARRANTZITSUENA dela egiten den horretan sinestea, jakitea nahi bada ahal dela, dena alaitasunez egitea eta beti errespetua eta enpatia barneratzea. Eta inoiz, inoiz ez galtzea ilusioa eta maitasuna. BAI, POSIBLE DA, HORRETAN SINESTEN BADA.

Onartzen dut, hasieran (jendea etorri arte) urduri samar nengoela ekitaldiagatik, lehen aldia izan baita jardunaldi batzuetako saio bat koordinatzen dudala; eta egia esan, ez neukan oso argi nola aterako zen kontua (eta ziurgabezia hori eta "kontrol eza" hori ez da erraza, nahiz eta horixe bera izan gakoa :). Banekien informala izango zela eta gaiak eta elkarrizketak martxan zehar sortuko zirela, baina erantzunkizuna neurea zenez, nik badazpada gidoi bat prestatu nuen, beno benetan ezer gutxirako balio izan du ;). Baina, beste behin, ikaskuntza handiena eta politena izan da saioa partaide guztion artean koordinatu dugula eta jakintzak kolektiboki eraiki ditugula.

Arratsalde zoragarria pasa dugu eta oso esperientzia eta iritzi baliotsuak partekatu ditugu. Oso arratsalde atsegina izan da eta elkarrizketa oso modu jariakorrean joan da uneoro; beharbada partaidetza oso aktiboa izan delako bertaratutako guztion aldetik eta gainera konfiantza eta energia ona nabarmena zen giroan. Benetako plazerra izan da, eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko!!!!

2015(e)ko apirila 21, asteartea

Garbigailuak, konplexutasuna eta hezkuntzaren jabe-gabetzea: Ilusionismo Soziala apirilaren 14an


2015eko apirilaren 14an Ilusionista Sozialen Mintegia aurkeztu genuen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (majisteritzan) hain zuzen ere ilusionismo soziala zer den argitu nahian edo, Javier Encina "akuilari" eta Ainhoa Ezeiza "konplize". Baina ilusionismo soziala zer den edo zer ez den azaltzen hasi beharrean, jendea iristen zen heinean artikulu bat irakurtzen jarri ginen... artikulua ez zen erraza ere... beno benetan nahiko gaitza zen ulertzen... (artikulu honen bertsio labur bat).

Izan ere, hizkera akademikoak, artikulu teorikoek eta halako testuek pentsarazten digute ikertzea urrun-urruneko kontua dela jende gehienarentzat eta gutxi batzuek soilik jardun dezaketela munduaren jakintzaren gainean sakontzen, gainerako gizakiok soilik estudiatzen edo errepikatzen dugu pertsona horiek jakinduriatzat aurkezten digutena. Suposatzen da horixe dela eskolaren zeregin nagusia: pertsona gutxi horiek euren metodologia eta tresnak erabiliz zehaztu duten ezagutzak transmititzea.

Zorionez, berehala argitu zuen Javierrek ez kezkatzeko artikulua ulertzen ez bagenuen, hori izango zela saio horretan egingo genuen gauzarik zailena... eta orduan, ikertzeko moduen inguruan hasi ginen eztabaidatzen.


IKERKETA SINPLIFIKAZIO GISA ETA IKERKETA PARTAIDETZA GISA

Gizarte Zientzietan erabiltzen diren ikerketa-eren inguruan hausnartzen aritu ginen, Jesús IBAÑEZek planteatu zuen moduan: ikuspegi distributiboa, ikuspegi estrukturala eta ikuspegi dialektikoa. Labur esatearren, ikuspegi distributiboak gizarte gaiak ikertzeko populazioa multzo edo azpitaldetan banatzen ditu (askotan inkestak erabiliz eta ondoren emaitzak analizatuz), eta ikuspegi estrukturala ikergai diren pertsonen iritziak biltzen saiatzen da (esaterako, eztabaida-taldeak erabiliz) eta bilketa horretan jasotako diskurtsoak analizatzen ditu proposamenak egiteko edota erabakiak hartzeko.

Ikuspegi distributiboak itxi egiten du ixteko (aurrez zehaztutako taldeak atera dakizkizun); ikuspegi estrukturalak, aldiz, ireki egiten du ixteko (jendeari hitz egiten uzten diozu baina berehala ixten duzu diskurtsoak analizatu eta euren gainean ekin ahal izateko). Bi kasuetan, itxi egin behar duzu lan egin ahal izateko.

Ikertzeko era biak, distributiboa eta estrukturala, saiatzen dira jendea identifikatzen, kategorizatzen, etiketatzen jende hori analizatzeko eta euren gainean esku hartzeko. Zientzia egiteko era horiek errealitate soziala sinplifikatzen dute konklusio gutxi gorabehera unibertsalak ateratzeko (honelakoak adibidez: "dibortziatuen %15-20 artean gatazka maila altua duten seme-alabak izaten dituzte"). Jendea ordenatzeko moduak dira eta baita mundua zer den (eta zer ez den) adosteko moduak ere, posible dena eta ezinezkoa dena zehazten dutenak.

Ikuspegi dialektikoak, berriz, "ikerketa objektu"-aren ideia apurtzen du, konplexutasuna bere gradu konplexuan adierazten du, ez du sinplifikatzen baizik eta irekitzeko irekitzen du, disentsuan lan egiten du, horregatik kaosa eragiten du, gauzek bere eskutartetik alde egiten dute, ez dira konklusioak ezartzen konklusioek itxi egiten dutelako eta soziala beti dagoelako bizirik. Ulertzen du bizitza ez dela hasten edo amaitzen, helburua ez da zehaztea baizik eta kolektiboki eraikitzea ikerketa beste tresnatzat ulertuta. Ikuspegi dialektikoak aukera ematen du posible denaren eta ezinezkoaren arteko hesia apurtzeko, ez baitu zedarritzen zer den eta zer ez den, baizik eta mundua egotetik ulertzen du (ez izatetik).

Horrek guztiak Majisteritzan egiten ditugun gauzen inguruan hausnartzera eraman gintuen: nola ari diren gradu amaierako lanak egiten, zer den etikoa eta zer ez, nola populazioa irakasle eta ikasle artean banatzen dugunean ikasleak objektu bihurtzen ditugun, nola hasi diren zenbaitzuk haurrak erabiltzen gure Eskolan laborategiko esperimentu balira bezala... gauza onartezinak, hezkuntza berrikuntza balira bezala aurkeztuak direnak.



GARBIGAILUAREN PARADOXA ETA INDAR ZENTRIFUGOAK ETA ZENTRIPETUAK

Hortxe genbiltzan eztabaidatzen nola metodologiak planteatzen duen mundua hurrenkeraka ordenatzea dagoela (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa...) eta ze mugatzaile eta sinplifikatzaile den hori, garbigailuaren adibidea azaleratu zenean. Garbigailua aurrerapen teknologiko bat izan zen antzinako harreman-forma batzuk apurtu zituena: ustez emakumeok egiten genuen zeregin latz batetik liberatzeko izango zen teknologia batek emakumeok etxezuloan harrapatzea eragin zuen, ez baitzegoen aitzakiarik beste neska eta emakume batzuekin elkartzeko leku komun batean (erreka, harraska...). Garbigailua konplexutasunaren adibide bat da, bere baitan daukalako estuki loturik "ona eta txarra" eta behin existitzen denean ez daukalako atzera egiterik.

Errealitatea konplexua da eta gainera errealitate asko daude aldi edo garai berean, errealitate horietariko batzuk identifikatzen ditugu eta beste batzuen aurrean ezikusiarena egiten dugu edo besterik gabe ez ditugu ikusten.

Saioa bera konplexutasunaren adibide izan zen, eta hala, espero ez genituen bideetatik jo genuen... eta bat-batean, aurreko hiru orduetan sortutako askotariko ideiak konektatu ziren eta indar zentrifugo eta zentripetuen analogiara iritsi ginen hezkuntzaren jabe-gabetzeaz hitz egiteko.


Indar zentrifugoek zentrutik ihes egiten dute, objektuak errotazio ardatzetik urrunarazteko joera dute eta indarraren espiraletik objektuek jauzi egin edo irten daitezen eragiten dute ezustez. Indar zentripetuek beren eraginpeko objektuak zentrurantz bultzatzen dituzte eta mugimendu zirkularrari eusten dioten indarrak dira.

Indar hauen analogiari segiz, orokorrean eskolak barrurantz biratzen du, eskolatik kanpo dagoena harrapatzen du eta bere indarpera eramaten du. Hori da, esaterako, ikas-komunitateen kasua, eskola inguruan dagoena hartzen dute eta eskolaren elementu gisa sartzen dute (herriko istorioak, auzokideen edo familien trebetasunak edo ideiak...) zirkuluari eusteko, harremanak beti barruraka eramanez.

Hezkuntzaren jabe-gabetzeak, ostera, zentrutik ihes eginez lan egitea proposatzen du, gauzek kanporaka alde egin dezaten ahalbidetuz, horrela eskolan sortzen dena komunitatean partekatzen da, irekitzeko irekiz, eta irekia dagoenez, komunitatetik eskolarako fluxua eta eragina ere posible eginez.

ETA HORRELA GERATU DA ERATUTA ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA...

Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola erakunde egitura bertikal bat baino gehiago izatea nahi dugulako, modu etikoan ikertu nahi dugulako, nahi dugunean topatu nahi dugulako elkarrekin eta ez ordutegi batek esaten duenean, eta topatu nahi dugulako konpartitu nahi duen jendearekin eta ez tokatzen denarekin zerrenda baten arabera, edo kurtsoaren arabera, edo estatusaren arabera.

Ez dakigu zer egingo dugun datorren astean edo datorren ikasturtean, ezta noiz geratuko garen, zenbatero, zer egiteko. Hemen eta orain bizi gara, gaudenokin.







2015(e)ko apirila 14, asteartea

Majiseko ikasleon bideoak ehuntzen

Atzo hasi ziren Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Majiseko ikasleon bideoekin izan genuen bideo-foruma izan zen lehen jarduera, oso saio baliotsua ikasleen arteko trukeen garrantzia ulertzeko.


Normalean, bideoak irakasgai jakin bati lotuta egiten dira, ebaluazio eta kalifikaziorako aurkeztu eta bertan amaitzen da euren ibilbidea. Atzoko saioan lortu genuen lanak irakasgaietako kaxoietatik atera eta beste begirada batetik ikustea, horizontalitatean, kontuan izan gabe lehen, hirugarren edo laugarren mailako ikasleek eginak ote ziren eta bideoak ikusiz disfrutatu, hausnartu, barre egin, kezkatu, eztabaidatzea...

Hautatutako bideo batzuek modu desberdinetara erakusten zuten nola lotzen diren ikasketak eta egunerokotasuna. Polita izan zen lanen "B Aldea" ikustea, adibidez, klaserako lan bat egitean ikaskideen etxean sortzen den giroa, edo nola sentitu diren lehen mailako ikasleak karrerako euren lehen lauhilekoan, nola joan diren harremanak sortzen eta lotzen...

Beharbada bideo horietako batzuek ez dute zentzurik Eskolatik kanpo, oso eguneroko bizitzako gauzak direlako, "tontakeriak" dirudite... baina balio handikoak dira normalean azaleratzen ez diren kontu askoren inguruan eztabaidatzeko: nola sortu konfiantzazko harremanak, zer esan nahi duen bizipoza eta itxaropen kolektiboa...




Beste bideo batzuek hausnarketa sustatu zuten. Alderdi teknikoetan ezer konplikaturik egin gabe, gauzak sentitu/pentsatu/egin bezala adierazita, eztabaida zabaltzen dute hezkuntzaren inguruan. Xumetasun honek erakusten du teknologiak bigarren mailan jar daitezkeela (soilik tresna gisa) eta, bideoen kasuan, ahozkotasunaren balioak jasotzeko duen ahalmena (adierazpideak, ahotsaren tonua, keinuak...). Izan ere, komunikatzeko erabiltzen/hautatzen diren tresnek ere harremanak sortzeko eta mantentzeko moduak sortzen dituzte, eta hori ere mintzagai izan genuen atzokoan.

Beste bideo batzuek, aldiz, fikzioaren bitartez bultzatzen dute eztabaida, eta egia esan, majiseko ikasle askok oso umore ona dute, sortzaileak dira eta irudimentsuak. Askotan unibertsitatean ematen du idatzizko testutik edo hitzaldi formatutik pasa behar dela pentsatzera/hausnarketara, baina modu asko daude jakintza-bideak zabaltzeko.



Eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zinetenoi eta baita, bertaratu gabe, zuen bideoak garaiz eskuragarri jarri zenituztenoi, saio honetan partekatu ahal izateko.

Eta gaur... ILUSIONISMO SOZIALA!!!


2015(e)ko apirila 11, larunbata

Cuernavaca-Donostia bigarren skype topaketa apirilaren 20an


Datorren astelehenean, 2015eko apirilak 20, 17:30etatik 20:30etara, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 2.5 mintegian, Skype bidezko bigarren topaketa Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM, Mexiko) Gizarte Laneko ikasleekin, eta Moreloseko Ilusionista Sozialen Kolektiboko kideek (Mexiko)eta UNILCO-espacio nómada-ko Javier Encinak (Andaluzia) ere parte hartuko dute gurekin batera.



Eurak ilusionismo soziala komunitateetan lantzen ari dira eta hasi berri ditugun truke hauen bitartez, hezkuntzaren jabe-gabetzeko eta jabe-gabetze komunitarioko esperientziak eta ideiak partekatzen ari gara, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko eta ideia berriak eraikitzeko kolektiboki.

Hemen duzu aurreko topaketen sarrera, bideo eta guzti!
http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/2015/03/cuernavaca-donostia-sevilla-topaketaren.html

Jarduera hau Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketen parte da, eta gainerako jardueretan bezala, edonor hurbil daiteke topaketa honetara (ikasle, irakasle, kale-hezitzaile, administrazioko langile...).

Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html

Rafael Amor, “eteten ez den ahotsa”... apirilaren 18an Irunen!


Datorren apirilaren 18an RAFAEL AMOR kantariaren kontzertua antolatu dugu KABIGORRI ATENEOAN 19:00etan* Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko Topaketen jarduera gisa!!!

*puntualitatea eskertzen da

Sarrera libre izango da, ANIMATU LAGUNAK ETA ETORRI GUREKIN topaketak ederki amaitzera!!! ZABALDU MESEDEZ EKITALDIA!!!



Hona Pilar Camposek bidali duen prentsa oharraren itzulpena! (prensa@rafaelamor.com)

Zenbaitek diotenez, “kantari konprometituetan azkena da, geratzen dena” eta nik entzun izan diot “etortzear daudenen lehena” dela.
Hamaika porrotetatik nator, garaiezina naiz eta heriotzak ere ezin izango nau bentzutu, nire pausoan maitasuna uzten dut, seme-alabak uzten ditut, borroka bat, olerki bat, adiskide batzuk…”

Rafael Amor, Buenos Airesen jaioa da 48ko azaroan. Bere aita, Francisco Amor, Argentinako kanta herrikoien funtsezko oinarri, Francisco Canaroren orkestrako kantari bikaina. Bere ama, María Toraño, Amerikako artisau kotizatuenetakoa brodatuetan. Bere kideen ustez, bere belaunaldiko autore nabarmenetako bat, bere kantak ospe handiko interpreteek grabatu dituzte, hala nola: José Larralde, Alberto Cortez, Facundo Cabral, Mercedes Sosa, Los Cuatro de Córdoba, Cantoral, Xavier Labandera, Los Sabandeños eta beste. Espainian finkatu zen 1973an, eta bertan garatu zuen bere karreraren atal handiena; garai hartan, autore kanten ernetze handia bizitzen ari zen eta batez ere kanta hegoamerikarrena, trantsizio garaiko animatzaile nagusietakoa. "No me llames extranjero" diskoak sona handia izan zuen eta gaur egun inoiz baino gehiago dago indarrean, giza-unibertsalitatearen benetako ereserkia baita.
Rafael Amorri buruz hitz egitea bere iruzkin eta pasadizuez mintzatzea da, bere hausnarketez, orainaz, beti iragan hurbilari eutsiz, ez baitu inoiz egunerokotasuna galtzen, izan ere, askatasunaz hitz egitea, gorriak pasatzen ari direnez, immigranteez, pobreziaz, gure aldamenean igarotzen diren ikustezinez... beti du gaurkotasuna, nahiz eta ordena onak eta ustezko buru-garbitasunak hondar bat baino ez dela ikustarazten digun.
Bere abesti guztiek pentsarazten duten mezuak dituzte, ausartuko nintzateke esaten mezu horiek kanta bera baldintzatzen dutela, bere interpretazio-osagaietan eta musikaltasunean, mezu horiek naturaltasunez bultzatzen dute hausnarketa eta kanta berriak albainatzera, ixiluneekin batera, Rafael Amorrek maisuki kantatuko dituen ixiluneak, konpromiso sozialeko kanta bihurturik.
Rafael Amor ez da bizi soilik iraganeko abestietatik, etengabe birsortzen da, eta gai da globalizazioaz hitz egiteko, teknologia berriei buruz, G8 ahalguztidunaz eta horrela etengabe, beti presente dauden “Laura” eta “Violeta” kanta eztiak ahaztu gabe, euren errepikak berarekin kantatzera gonbidatzen du beti, edo egunerokotasuna galtzen ez duten betiko abestiak, esaterako “No me llames extranjero”, eta kontzertua zabaltzeko kantatzen duena, agertokian zergatik dagoen gogoratuz eta nola bizi den.
Zenbait gauza, hala nola pertsona pentsamenduaren ardatz hartzeko duen grina, kolektiboa ordezkatzen joan litekeena, baina batez ere samurtasuna etengabe aipatzea, “ternura”, hitz ederra eta antza denez, urteak pilatzen zaizkizun heinean gero eta estimatuagoa dena, eta abesti askoren krudeltasunarekin kontrastatzen duena eta aldi berean bikain nahasten dena osotasun ikustezinean.
Rafael Amor kantariak entzuten dionaren “pilak kargatzen ditu”






2015(e)ko apirila 10, ostirala

DESEMPODERAMIENTO, JUEGO Y ORALIDAD liburuxkaren aurkezpena apirilaren 17an


Datorren ostiralean, 2015eko apirilaren 17an, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako kafetegian 19:00etan, DESEMPODERAMIENTO, JUEGO Y ORALIDAD izeneko liburuxka aurkeztuko dugu Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketen jarduera gisa. Hona topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html


Azken urte honetan (2014-2015) gizarte-haztegiak elkarlotzen ari gara Sevilla eta Gipuzkoaren artean, eta bertatik lan kolektiboa sortu da Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan eta pentsatze, sentitze eta egite fluxu bat Euskal Herria, Andaluzia eta Mexikoren artean. Liburuxka hau, tankera honetan argitaratzen joango garen lehena izango da, halako material gehiago aterako dugu euskaraz eta gaztelaniaz, bai ikasgeletan lantzeko eta bai topatzen garen eguneroko espazio eta denboretan eztabaidatzeko.

Artikuluen bilduma honek hausnarketa pizten du eguneroko jabe-gabetzea espresatzen ari garen hizkuntzen inguruan. Alde batetik, idatzizko hizkuntza, lekuoro hartzen dituenean, ahozkotasuna bere lojika estruktural horretaz inpregnatzen duenean, ahozkotasunaren alojikei, kaos sortzaileei eta errepikapen sortzaileei eraso eginez, gauza bera egiten du gorputz hizkuntzarekin, liburuxka honetan jokoaren bitartez ekarri duguna. Idatzizko hizkuntza botere hartzearen, kontraboterearen, ahalduntzearen eta boterearen beraren euskarri da; horren aurrean, jabe-gabetzea pentsatzeetan adierazten da baina baita ere, maila berean, sentitze eta egiteetan, eta hauek zailak dira idatziz adierazten.

Argitalpen honetaz gehiago jakiteko: http://desempoderamiento.blogspot.com.es/2015/03/desempoderamiento-juego-y-oralidad.html


2015(e)ko apirila 9, osteguna

LUDOPEDAGOGIA TAILERRA apirilaren 16 eta 17an, SARRERA LIBRE!!!


Datorren ostegun eta ostiralean, 2015eko apirilaren 16 eta 17an, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 1.6 gelan, LUDOPEDAGOGIA TAILERRA egingo dugu, ostegunean 16:00etatik 20:00etara eta ostiralean 16:00etatik 19:00etara.

Bi saioak Fabián TELLECHEA eta María RIVASÉS ludopedagogoek dinamizatuko dituzte (*gomendatzen da ostegun eta ostiraleko saioetara bietara etortzea).



GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.

Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!

Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html



ZER DA LUDOPEDAGOGIA?

Ludopedagogia eraikitze kolektiboko metodologia bat da, oraindik zabalik eta amaitu gabea, 1989an Uruguayko La Mancha zentruak sortutakoa, eta bere proposamena da ikuspegi metodologiko batetik jolasteko gaitasuna berreskuratzen saiatzea, balioestea eta bersortzea/jostatzea, ulertzen duelako jolasa ibilbide baliozkoa dela errealitatea ber-deskubritzeko (errealitate intimoa, publikoa, kolektiboa eta pertsonala), baita jakintzarekin uztartzeko forma bat ere. Beste mundu posible batzuen jaiotzan lagundu nahi du, eta horregatik, bere helburua da bizi dugun errealitatea eraldatzea.



2015(e)ko apirila 8, asteazkena

Hezkuntzaren jabe-gabetzea apirilaren 15ean


Datorren asteazkenean, 2015eko apirilak 15, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Majisteritzan) Hezkuntzaren Jabe-gabetzearen saioa izango dugu 1.3 gelan, 16:00etatik 20:00etara, Maider Aizpuruak koordinatua.



Astean zehar jorratzen joango garen saio bakoitzak gai bat dute abiapuntu eta zabaltzen doaz, bertaratzen direnen partehartzeen eta eraikitze kolektiboen arabera. Hau ez da horren salbuespen... . Esta no es una excepción... Hezkuntzaren jabe-gabetzearen gaineko hausnarketatik abiatuta, hamaika bide zabaltzeko aukerak daude, adibidez hauek bururatzen zaizkit oraintxe:

- Hezkuntza alternatiboa eskola publiko edota pribatutik/arekin
- Eskola publikoa (Estatuaren jabetzapean) eta eskola pribatua (pertsona edo talde baten jabetzapean) edo eskola komuna (denok darabilguna)
- Eskola eta legeak

Buñuelen Los Olvidados filma

Baina beste batzuk ere izan daitezke, elkartzen garenon arabera, hori da topaketen eta eraikuntza kolektiboen punttu zirraragarria!!!


GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.

Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!

Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html

2015(e)ko apirila 7, asteartea

ILUSIONISMO SOZIALAZ saioa apirilaren 14an


Datorren asteartean, apirilak 14, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 2.4 gelan, ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA aurkeztuko dugu 16:00etatik 20:00etara.

Zer da Ilusionismo Soziala? Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA izango dira saioaren dinamizatzaileak. Saioan zehar, Mintegian egiten ari garen lana komentatzeaz gain, ilusionismo sozialaren printzipioetan sakonduko dugu, kolektiboki eraikitzen segitzeko moduak partekatzeko eta sortzeko.


GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.

Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!

Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html

ZERGATIK ILUSIONISMO SOZIALA?

Ilusionismo Soziala ez da metodologia bat, jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK lan egiteko hasiera bat baizik, sentitu/pentsatu/ekin bat eginez. Irakasleak (edo hezitzaileak, edo alderdi politikoak, edo gobernuak...) ezartzen dituen mugen barruan parte hartzera mugatu ordez, Ilusionismo Sozialak eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa planteatzen du helburu orokor gisa. Horrek esan nahi du JENDEA dela bere bizitzaren protagonista, objektu izatetik (nire ikaslea, nire seme-alaba, nire militantea, nire langilea...) subjektu izatera pasaz.

Magisteritza Eskolan Ilusionismo Soziala arrazoi askorengatik hautatu dugu, baina batez ere ikuspegi etiko sakona planteatzen duelako, jendea sailkatzetik (adinaren arabera, hizkuntzaren arabera, gaitasunen arabera, lanbidearen arabera, maila sozio-ekonomikoaren arabera...) askatu eta lekuan leku topatzen garen jendearekin eta jendearengandik lan egitera pasaz, hala harreman-moduak dira lehentasunezko, edukien aurretik.

Gainera, hezkuntza eraldatzeko orain arte saiatutako bideek ez gaituzte eraman benetan nahi genuen eraldaketara, eta hortaz, bide berriak zabaldu behar ditugu. Ilusionismo Sozialak laguntzen du posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenerako bidea egiten.


Ilusionismo Sozialaz gehiago jakiteko: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=7

ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIAZ

Ilusionista Sozialen Mintegia hezkuntzaz eztabaidatzeko eta proposamenak trukatzeko gunea da, jakintzak harreman horizontaletan oinarrituta eraikitzeko, jakintza herrikoiak eta jakintza zientifikoak maila berean nahastuz... Horretarako, Ilusionismo Sozialetik abiatzen gara eta hezkuntzaren jabe-gabetzea dugu oinarri.


Mintegi honetan egiten ditugun topaketak irekiak dira, edonork har dezake parte eta gainera, oso osasuntsua zein beharrezkoa da askotariko jendea hurbiltzea, bai lanbide edo diziplina desberdinetakoak bai izaera eta ikuspegi desberdinekoa.

Mintegi hau ikerketa-talde honi dago atxikita:
ILUSIONISMO SOZIALA. Hezkuntzaren jabe-gabetzea, partaidetza eta jakintza herrikoiak.



Ilusionista Sozialen Kolektiboaren sarekide dira Mintegia eta ikerketa-taldea.

2015(e)ko apirila 6, astelehena

BIDEO-FORUM apirilaren 13an


Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak hasteko, 2015eko apirilaren 13an, 16:00etatik 20:00etara, BIDEO-FORUM saioa izango dugu Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 1.3 gelan.

Saioa Naiara Larrañaga ikasleak koordinatuko du eta ideia da majisteritzan egiten ditugun bideoak konpartitzea eta bideo horietan oinarritutako eztabaidak piztea.


Zure bideoak partekatu nahi badituzu, bidali mezutxo bat gure epostara: ilusionistasozialak@gmail.com

AUPA GAZTE!
Bideoak erakustera
animatu zaite!
Aukera paregabea
izan liteke
Esperientziak konpartitzen
ikasi daiteke!

GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.

Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!

Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html

BIDEOGINTZA, PARTE HARTZEKO MODU BAT

Bideogintzak parte hartzeko eta hausnartzeko duen balioa azpimarratu nahi dugu saio honen bitartez. Karreran zehar, bideoa maiz erabiltzen dugu baina gehienetan, zeregin gisa aurkezten dugu eta hor amaitzen da bideo horren bizitza.

Ikaskideen bideoak ikusiz, nahastuz, berreginez, aldiz, balio berriak emango genizkieke bideoei eta hartara, elkarrekin eta elkarrengandik ikasten segitzeko beste modu bat izan litezke.

Horregatik, topaketen astean zehar (apirilaren 13tik 17ra), Majisteritzako ikasleon bideo-sortze lanak emango ditugu Eskolako kafetegian, MajisTV deitu dugunaren lehen probak egiteko.

Bideo perfektu eta itxiak, gidoi zehatza dutenak eta hasi-amaiera dutenak baino gehiago interesatzen zaizkigu bideo-zirriborro inperfektuak, bat-batekoak, eztabaidarako ematen dutenak...

PROPOSAMENA: Bideoak sarera igotzen dituzunean, jarri mesedez Creative Commons lizentzia ("youtube lizentzia estandarra"ren ordez) eta hartara, bideo berriak sortu ahal izango dira zure bideoak beste batzuekin nahasiz! Oso erraza da aldatzea: "Ezarpen aurreratuak" aukeran Youtube-n adibidez.