2015(e)ko apirila 21, asteartea

Garbigailuak, konplexutasuna eta hezkuntzaren jabe-gabetzea: Ilusionismo Soziala apirilaren 14an


2015eko apirilaren 14an Ilusionista Sozialen Mintegia aurkeztu genuen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (majisteritzan) hain zuzen ere ilusionismo soziala zer den argitu nahian edo, Javier Encina "akuilari" eta Ainhoa Ezeiza "konplize". Baina ilusionismo soziala zer den edo zer ez den azaltzen hasi beharrean, jendea iristen zen heinean artikulu bat irakurtzen jarri ginen... artikulua ez zen erraza ere... beno benetan nahiko gaitza zen ulertzen... (artikulu honen bertsio labur bat).

Izan ere, hizkera akademikoak, artikulu teorikoek eta halako testuek pentsarazten digute ikertzea urrun-urruneko kontua dela jende gehienarentzat eta gutxi batzuek soilik jardun dezaketela munduaren jakintzaren gainean sakontzen, gainerako gizakiok soilik estudiatzen edo errepikatzen dugu pertsona horiek jakinduriatzat aurkezten digutena. Suposatzen da horixe dela eskolaren zeregin nagusia: pertsona gutxi horiek euren metodologia eta tresnak erabiliz zehaztu duten ezagutzak transmititzea.

Zorionez, berehala argitu zuen Javierrek ez kezkatzeko artikulua ulertzen ez bagenuen, hori izango zela saio horretan egingo genuen gauzarik zailena... eta orduan, ikertzeko moduen inguruan hasi ginen eztabaidatzen.


IKERKETA SINPLIFIKAZIO GISA ETA IKERKETA PARTAIDETZA GISA

Gizarte Zientzietan erabiltzen diren ikerketa-eren inguruan hausnartzen aritu ginen, Jesús IBAÑEZek planteatu zuen moduan: ikuspegi distributiboa, ikuspegi estrukturala eta ikuspegi dialektikoa. Labur esatearren, ikuspegi distributiboak gizarte gaiak ikertzeko populazioa multzo edo azpitaldetan banatzen ditu (askotan inkestak erabiliz eta ondoren emaitzak analizatuz), eta ikuspegi estrukturala ikergai diren pertsonen iritziak biltzen saiatzen da (esaterako, eztabaida-taldeak erabiliz) eta bilketa horretan jasotako diskurtsoak analizatzen ditu proposamenak egiteko edota erabakiak hartzeko.

Ikuspegi distributiboak itxi egiten du ixteko (aurrez zehaztutako taldeak atera dakizkizun); ikuspegi estrukturalak, aldiz, ireki egiten du ixteko (jendeari hitz egiten uzten diozu baina berehala ixten duzu diskurtsoak analizatu eta euren gainean ekin ahal izateko). Bi kasuetan, itxi egin behar duzu lan egin ahal izateko.

Ikertzeko era biak, distributiboa eta estrukturala, saiatzen dira jendea identifikatzen, kategorizatzen, etiketatzen jende hori analizatzeko eta euren gainean esku hartzeko. Zientzia egiteko era horiek errealitate soziala sinplifikatzen dute konklusio gutxi gorabehera unibertsalak ateratzeko (honelakoak adibidez: "dibortziatuen %15-20 artean gatazka maila altua duten seme-alabak izaten dituzte"). Jendea ordenatzeko moduak dira eta baita mundua zer den (eta zer ez den) adosteko moduak ere, posible dena eta ezinezkoa dena zehazten dutenak.

Ikuspegi dialektikoak, berriz, "ikerketa objektu"-aren ideia apurtzen du, konplexutasuna bere gradu konplexuan adierazten du, ez du sinplifikatzen baizik eta irekitzeko irekitzen du, disentsuan lan egiten du, horregatik kaosa eragiten du, gauzek bere eskutartetik alde egiten dute, ez dira konklusioak ezartzen konklusioek itxi egiten dutelako eta soziala beti dagoelako bizirik. Ulertzen du bizitza ez dela hasten edo amaitzen, helburua ez da zehaztea baizik eta kolektiboki eraikitzea ikerketa beste tresnatzat ulertuta. Ikuspegi dialektikoak aukera ematen du posible denaren eta ezinezkoaren arteko hesia apurtzeko, ez baitu zedarritzen zer den eta zer ez den, baizik eta mundua egotetik ulertzen du (ez izatetik).

Horrek guztiak Majisteritzan egiten ditugun gauzen inguruan hausnartzera eraman gintuen: nola ari diren gradu amaierako lanak egiten, zer den etikoa eta zer ez, nola populazioa irakasle eta ikasle artean banatzen dugunean ikasleak objektu bihurtzen ditugun, nola hasi diren zenbaitzuk haurrak erabiltzen gure Eskolan laborategiko esperimentu balira bezala... gauza onartezinak, hezkuntza berrikuntza balira bezala aurkeztuak direnak.



GARBIGAILUAREN PARADOXA ETA INDAR ZENTRIFUGOAK ETA ZENTRIPETUAK

Hortxe genbiltzan eztabaidatzen nola metodologiak planteatzen duen mundua hurrenkeraka ordenatzea dagoela (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa...) eta ze mugatzaile eta sinplifikatzaile den hori, garbigailuaren adibidea azaleratu zenean. Garbigailua aurrerapen teknologiko bat izan zen antzinako harreman-forma batzuk apurtu zituena: ustez emakumeok egiten genuen zeregin latz batetik liberatzeko izango zen teknologia batek emakumeok etxezuloan harrapatzea eragin zuen, ez baitzegoen aitzakiarik beste neska eta emakume batzuekin elkartzeko leku komun batean (erreka, harraska...). Garbigailua konplexutasunaren adibide bat da, bere baitan daukalako estuki loturik "ona eta txarra" eta behin existitzen denean ez daukalako atzera egiterik.

Errealitatea konplexua da eta gainera errealitate asko daude aldi edo garai berean, errealitate horietariko batzuk identifikatzen ditugu eta beste batzuen aurrean ezikusiarena egiten dugu edo besterik gabe ez ditugu ikusten.

Saioa bera konplexutasunaren adibide izan zen, eta hala, espero ez genituen bideetatik jo genuen... eta bat-batean, aurreko hiru orduetan sortutako askotariko ideiak konektatu ziren eta indar zentrifugo eta zentripetuen analogiara iritsi ginen hezkuntzaren jabe-gabetzeaz hitz egiteko.


Indar zentrifugoek zentrutik ihes egiten dute, objektuak errotazio ardatzetik urrunarazteko joera dute eta indarraren espiraletik objektuek jauzi egin edo irten daitezen eragiten dute ezustez. Indar zentripetuek beren eraginpeko objektuak zentrurantz bultzatzen dituzte eta mugimendu zirkularrari eusten dioten indarrak dira.

Indar hauen analogiari segiz, orokorrean eskolak barrurantz biratzen du, eskolatik kanpo dagoena harrapatzen du eta bere indarpera eramaten du. Hori da, esaterako, ikas-komunitateen kasua, eskola inguruan dagoena hartzen dute eta eskolaren elementu gisa sartzen dute (herriko istorioak, auzokideen edo familien trebetasunak edo ideiak...) zirkuluari eusteko, harremanak beti barruraka eramanez.

Hezkuntzaren jabe-gabetzeak, ostera, zentrutik ihes eginez lan egitea proposatzen du, gauzek kanporaka alde egin dezaten ahalbidetuz, horrela eskolan sortzen dena komunitatean partekatzen da, irekitzeko irekiz, eta irekia dagoenez, komunitatetik eskolarako fluxua eta eragina ere posible eginez.

ETA HORRELA GERATU DA ERATUTA ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA...

Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola erakunde egitura bertikal bat baino gehiago izatea nahi dugulako, modu etikoan ikertu nahi dugulako, nahi dugunean topatu nahi dugulako elkarrekin eta ez ordutegi batek esaten duenean, eta topatu nahi dugulako konpartitu nahi duen jendearekin eta ez tokatzen denarekin zerrenda baten arabera, edo kurtsoaren arabera, edo estatusaren arabera.

Ez dakigu zer egingo dugun datorren astean edo datorren ikasturtean, ezta noiz geratuko garen, zenbatero, zer egiteko. Hemen eta orain bizi gara, gaudenokin.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina