2015(e)ko apirilaren 22(a), asteazkena

Hezkuntzaren jabe-gabetzea... posible ote? Apirilaren 15eko saioa

*Maider Aizpuruak idatzitako sarrera, Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketetan egindako Hezkuntzaren Jabe-Gabetzearen saioko koordinatzailea (2015/04/15ean egindakoa).


Eskerrik asko, bene-benetan!!!! Ohore handia izan da hezkuntzaren jabe-gabetzearen saioa koordinatzea. Saioa gidatzeko ardura proposatu zitzaidan eta ordudanik ilusio handia izan dut, bizipoza eta gogo bizia aurrera ateratzeko.

Saioko hizkuntzari buruz, argi neukan partaideen artean euskaraz ez zekiten pertsonak baldin bazeuden, gaztelaniaz egingo nuela, inportanteena elkar ulertzea eta komunikatzea baita, gure esperientziak eta jakintzak trukatzea. Hori bai, hasieratik adierazi nien neure iritzia kideei eta transmititu nahi izan nuen norbera libre zela nahi zuen hizkuntza hautatzeko, jakina!

Onartzen dut plazerra izan dela. Oso lagundua sentitu naiz aspaldiko lagunengandik (Lander, Itziar) saiora etortzeko ahalegina egin dutenak euren iritzi interesgarriak gurekin partekatzeko; eta, noski, oso baliotsua izan da kide eta lagun berriak, ilusionita sozialak, neurekin batera sentitzea (Lide, David, Naiara, Ainara) eta beren ikuspegiak jasotzea; eta nola ez, jabe-gabetzean eta partaidetzan aditu direnen ekarpenek (Ainhoa, Javi) saioa borobildu dute eta posible egin dute topaketa hau benetan aberasgarria izatea. Zintzoki, uste dut zaila izango dela geuri denoi bizitako esperientzia hau ahanztea.


Hori gutxi balitz bezala, honek denak posible egin du lasaitasun eta konfiantza giroa sortzea beldurrik gabe eta mugarik gabe hitz egiteko, libreki, eta plazerra izan da konpartitzea, hitz egitea, sentitzea, bizitzea, barre egitea, aditzea eta jakintzak kolektiboki eraikitzea.

Logikoa den bezala, halako giro lasaian gauza askorik buruz solastu gara, esperientzia pertsonalak konpartitzean. Baina batez ere hezkuntzaren jabe-gabetzeaz jardun dugu eta nola jabegabetu partaidetzaren eta harreman horizontalen bidez, maitasunez, errespetuz eta konfiantzaz tratatuz pertsonak, elkarren artean. Hizketaldian zehar, honelako galderak sortu dira:


Nola jabegabetu? Zein da sekretua/konponbidea? Posible ote da? Eta ez badigute uzten?



Saiatu gara horri denari erantzuten, magisteritzako praktiketan haurrekin izandako esperientziak eta unibertsitatean bizitakoak komentatuz. Zorte handia izan dugu, egia esan, aukera izan dugulako gure jakintzak praktikan jartzeko errealitatean, eta frogatu ahal izan da nolabait, zaila izanda ere (oso zaila zenbaitetan) POSIBLE DELA hezkuntzaren jabe-gabetzea praktikan garatzea eskolan eta unibertsitatean, eta ikasgeletan transmititu daitezkeela beste modu batzuk egiteko, pentsatzeko eta sentitzeko eguneroko espazio eta denboretan. Sekretua, beharbada, gauza txiki, posibleetatik hastea, eguneroko gauzetatik, eta testuinguruaren arabera, taldearen arabera, ekin eta partaidetza-ekintzak gauzatzea martxan zehar eta sortzen diren aukerak probestuz. Ez dago erantzun gako bat edo soluzio bakar bat, lekuaren eta unearen araberakoa da. Baina argi izan behar dena da GARRANTZITSUENA dela egiten den horretan sinestea, jakitea nahi bada ahal dela, dena alaitasunez egitea eta beti errespetua eta enpatia barneratzea. Eta inoiz, inoiz ez galtzea ilusioa eta maitasuna. BAI, POSIBLE DA, HORRETAN SINESTEN BADA.

Onartzen dut, hasieran (jendea etorri arte) urduri samar nengoela ekitaldiagatik, lehen aldia izan baita jardunaldi batzuetako saio bat koordinatzen dudala; eta egia esan, ez neukan oso argi nola aterako zen kontua (eta ziurgabezia hori eta "kontrol eza" hori ez da erraza, nahiz eta horixe bera izan gakoa :). Banekien informala izango zela eta gaiak eta elkarrizketak martxan zehar sortuko zirela, baina erantzunkizuna neurea zenez, nik badazpada gidoi bat prestatu nuen, beno benetan ezer gutxirako balio izan du ;). Baina, beste behin, ikaskuntza handiena eta politena izan da saioa partaide guztion artean koordinatu dugula eta jakintzak kolektiboki eraiki ditugula.

Arratsalde zoragarria pasa dugu eta oso esperientzia eta iritzi baliotsuak partekatu ditugu. Oso arratsalde atsegina izan da eta elkarrizketa oso modu jariakorrean joan da uneoro; beharbada partaidetza oso aktiboa izan delako bertaratutako guztion aldetik eta gainera konfiantza eta energia ona nabarmena zen giroan. Benetako plazerra izan da, eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko!!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina