2015(e)ko apirila 14, asteartea

Majiseko ikasleon bideoak ehuntzen

Atzo hasi ziren Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Majiseko ikasleon bideoekin izan genuen bideo-foruma izan zen lehen jarduera, oso saio baliotsua ikasleen arteko trukeen garrantzia ulertzeko.


Normalean, bideoak irakasgai jakin bati lotuta egiten dira, ebaluazio eta kalifikaziorako aurkeztu eta bertan amaitzen da euren ibilbidea. Atzoko saioan lortu genuen lanak irakasgaietako kaxoietatik atera eta beste begirada batetik ikustea, horizontalitatean, kontuan izan gabe lehen, hirugarren edo laugarren mailako ikasleek eginak ote ziren eta bideoak ikusiz disfrutatu, hausnartu, barre egin, kezkatu, eztabaidatzea...

Hautatutako bideo batzuek modu desberdinetara erakusten zuten nola lotzen diren ikasketak eta egunerokotasuna. Polita izan zen lanen "B Aldea" ikustea, adibidez, klaserako lan bat egitean ikaskideen etxean sortzen den giroa, edo nola sentitu diren lehen mailako ikasleak karrerako euren lehen lauhilekoan, nola joan diren harremanak sortzen eta lotzen...

Beharbada bideo horietako batzuek ez dute zentzurik Eskolatik kanpo, oso eguneroko bizitzako gauzak direlako, "tontakeriak" dirudite... baina balio handikoak dira normalean azaleratzen ez diren kontu askoren inguruan eztabaidatzeko: nola sortu konfiantzazko harremanak, zer esan nahi duen bizipoza eta itxaropen kolektiboa...




Beste bideo batzuek hausnarketa sustatu zuten. Alderdi teknikoetan ezer konplikaturik egin gabe, gauzak sentitu/pentsatu/egin bezala adierazita, eztabaida zabaltzen dute hezkuntzaren inguruan. Xumetasun honek erakusten du teknologiak bigarren mailan jar daitezkeela (soilik tresna gisa) eta, bideoen kasuan, ahozkotasunaren balioak jasotzeko duen ahalmena (adierazpideak, ahotsaren tonua, keinuak...). Izan ere, komunikatzeko erabiltzen/hautatzen diren tresnek ere harremanak sortzeko eta mantentzeko moduak sortzen dituzte, eta hori ere mintzagai izan genuen atzokoan.

Beste bideo batzuek, aldiz, fikzioaren bitartez bultzatzen dute eztabaida, eta egia esan, majiseko ikasle askok oso umore ona dute, sortzaileak dira eta irudimentsuak. Askotan unibertsitatean ematen du idatzizko testutik edo hitzaldi formatutik pasa behar dela pentsatzera/hausnarketara, baina modu asko daude jakintza-bideak zabaltzeko.



Eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zinetenoi eta baita, bertaratu gabe, zuen bideoak garaiz eskuragarri jarri zenituztenoi, saio honetan partekatu ahal izateko.

Eta gaur... ILUSIONISMO SOZIALA!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina