2015(e)ko maiatza 31, igandea

Partaidetza-prozesuak egiteko moduak


“Jendea gehiago kontuan hartzen duen” partaidetza prozesu bat abiatu nahi badugu, pentsatu behar dugu ez garela lehenak halako zerbait egiteko ideia izan dugunak. Partaidetza prozesuak egiteko erak hiru hauetan laburbil daitezke:
  • Lehena, ordaintzen digunarengatik/digunarentzat lan egitea litzateke (bidaltzen gaituenarentzat). Ez diogu ezer galdetu behar geure buruari, ezta inorekin lan egin beharrik ere; eskatu digutena egin behar dugu, ezarri dizkiguten edo geuk aldez aurretik ezarri ditugun helburuak bete besterik ez dugu.
  • Bigarrena, jendearengatik eta jendearentzat lan egitea izango litzateke. Ez diogu geure buruari ezer galdetu behar, aldez aurretik finkatu ditugu helburuak edo erantzunak aurkitu; geure proiektu barruan ez daudenekin ez dugu zertan lanik egin. Jendeak behar duena ezagutzea eta ematea da gure zeregin bakarra.

  • Hirugarrena, jendearekin eta jendearengandik lan egitea litzateke. Jendearekin lan egin behar dugu, bere eguneroko bizitzaren protagonista izatea nahi badugu, jendeak bere bizitza autogestionatuko badu (beren kabuz gidatu). Horrela, prozesua abiatzen denetik aurrera, jendea izango da bere herria, auzoa, komunitatea... nolakoa izango den eraikitzen joango dena, proposamenak eginez, kolektiboki eztabaidatuz eta, taldeka, erabakitako proposamenak gauzatuz, modu dialektikoan.

Irakurtzen segitzeko:
https://docs.google.com/document/d/11GDA8Sn8IQfrk6eFnQtuQbKKbhmMYwZBp2zdvEaObS0/edit?usp=sharing

Eta bideo bat:


Introducción a las formas de participación from ILUSIONISMO SOCIAL on Vimeo.

2015(e)ko maiatza 26, asteartea

Jabe-Gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak... Lesakan! Anima zaitez!

2015eko udaran zehar, Jabe-Gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak egingo dira munduan barrena. Hemen duzue eguneratzen gabiltzan informazioa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/jabe-gabetzearen-nazioarteko-i.html

Eta pentsatu genuen... zergatik ez antolatu geuk jardunaldi horietarako ekitaldiren bat? Azken batean, ikasturte osoa daramagu hezkuntzaren jabe-gabetzeaz hausnartzen eta ilusionismo sozialetik abiatuta lan egiten... Hortxe genbiltzala, Kontxi gure mintegikideak aukera zabaldu zigun Lesakan egiteko, bertako Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian. Lekua zoragarria da, inondik ere!

Hauxe da gure proposamena:


JABE-GABETZEAREN NAZIOARTEKO I JARDUNALDIAK NAFARROAN

Lesaka (Nafarroa), 2015eko abuztuaren 4tik 9ra, Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian.

Hau da egunez egun egitea proposatu duguna:

Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabe-gabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.

Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabe-gabetzearen zutabea).

Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabe-gabetzea eta eraikitze kolektiboa.

Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.

Abuztuak 8, 10:00etatik 14:00etara: Hizkuntzaren jabe-gabetzea.


Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.

Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:

ilusionistasozialak@gmail.com


HIZKUNTZAK:

Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean... joango gara ikusten.

Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko... elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!


DINAMIKA:

Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabe-gabetzea ("desempoderamiento") hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna... animatu eta parte hartu!!!

Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea.

Aldez aurretik gaian sakondu nahi baduzu... hona "Jabe-gabetzea. Sarrera bat." artikuluaren euskarazko bertsioa:
https://docs.google.com/document/d/1zDu3xiC3guCtjM2XdGdWXa2hd8D-VL6iMJG81d8RShQ/edit?usp=sharing

*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun "ixilpeko klausula"

LEKUA ETA IZENEMATEA:

Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.

Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik... jakinaren gainean egon gaitezen.

Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!
  • Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
  • Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
  • Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.

Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)

Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden...). 

Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).

DIRULAGUNTZAK:

ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:

ilusionistasozialak@gmail.com
edo
ainhoa.ezeiza@ehu.eus

Matxinbeltzenea Aterpetxea

Ixilpeko Klausula:

[...]

Zer espero dugu zugandik?

Ba uler dezazula oso urrutitik datozela zenbait pertsona, euren diruaren eta denboraren sakrifizioa eginez etorri direnak zuk adieraziko duzuna entzutera. Ez datoz aisiagatik, ezta zerbait irabaziko dutelako ere. Ez datoz modagatik edo ezjakintasunagatik. Hona datoz beharbada hodei beltz horiek ikusten dituztelako ortzemugan, eurite eta haizeteek astindu dituztelako, ulerminaren gosea ez delako asetzen, ekaitza badakarrela sentitzen dutelako.

Orduan, guk, zapatistok, zu errespetatzen zaitugun bezalaxe, halaxen eskatzen dizugu pertsona horiek errespetatzeko. Izango da baten bat kolatu dena, baina gehienak gure kideak dira. Borrokan bizi eta hiltzen diren pertsonak dira, inork, gu ez bagara, kontuan izango dituena. Beraientzat ez dago museorik, ez estatuarik, ez abestirik, ez olerkirik, ez daude metroko bagoietan, kaleetan, kolonietan. Inor ez dira, egia da. Eta hala ere, edo horregatik agian, guretzat dena dira.

Orduan, ez zaitez iraindua sentitu, ez ekarri konsignarik, dogmarik, autofederik, modarik; ez errepikatu beste batzuek lehenago hemen edo han esandakorik; ez sustatu pentsamendu nagirik; ez saiatu inposatzen pentsamendu dogmatikoa; ez hedatu pentsamendu gezurtirik.

Eskatzen dizugu zure hitza ekartzeko eta horren bidez pentsamendua, hausnarketa probokatzeko. Eskatzen dizugu zure pentsamendua presta dezazula, zorroztu, distirarazi. Pentsamendu horrekin, ez ohoratzea akademia eta bere parekideak, baizik eta jasotzen duen jendea, nahiz astindu moduan, nahiz zaplasteko edo oihu moduan.

Mintegi edo hazitegi honetarako eskatzen dizugun hazia, zalantza eragiten duena izango da, probokatzailea, pentsatzen eta analizatzen segitzea bultzatuko duena. Hazi bat beste hazi batzuek entzun dezaten hazi egin behar dela, eta nork bere erara haz dadin, bere egutegiaren eta geografiaren arabera.

Oh, bai, badakigu: ez duzu zeure prestigioa lodituta ikusiko, ezta zure kontu korrontea ere, edo zure ospea. Ez duzu ikusiko, ezta ere, ea jarraitzaile, dizipulu, artalde gehiago lortuko duzun.

Areago, arrakastaren adierazle bakarra ez duzu ikusiko eta izango da leku askotan, beste egutegi batzuetan, askotariko geografietan, beste batzuek dena desafiatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kritikatu, irudikatu, sortzea.

Hori eskatzen dizugu. Hori, besterik ez.

[...]
Zati hauek hemendik hartuak eta itzuliak izan dira:

2015(e)ko maiatza 21, osteguna

GRALak trukatzen maiatzaren 27an

Mintegian ez dakigu eta egonean egoten... eta beste zerbait egitea bururatu zaigu: datorren astean, maiatzak 27, 9:00etatik 13:00etara, Majisteritzako 2.1 gelan topatuko gara 4. mailako Gradu Amaierako Lanetan (GrAL) elkarri laguntzeko saio informal batean.



Hauek dira saio honi buruzko argibideak:

  • Saioa 9:00etatik 13:00etara bitartean izango da, 2.1 gelan (ordenagailu gelan). Saioa informala denez, jendea etortzen den heinean joango gara lanean, hau da, ez da ezinbestekoa 9:00etatik 13:00etara etortzea, bakoitzak ahal edo nahi duen tartean dauka etortzea.
  • Saio informala izateak zer esan nahi du? Ez da bilera bat, lan-saio bat baizik. Helburua da saioan zehar nork bere posterra egitea etortzen den jendearekin komentatzeko, kontrastatzeko eta abar, eta elkarri laguntzea ditugun zalantzekin. Ainhoa Ezeiza irakaslea izango da bertan orientazio batzuk ematen baina ideia da elkarri laguntzea, bakoitzak ahal duen horretan (zenbaitetan konfiantza edo animoa ematea bera oso garrantzitsua da...)
  • OSO GARRANTZITSUA: Ekarri zure GRALa, nahiz eta ez izan amaitua. Behar duzun materiala izan eskura. Lan-saio bat da.
  • Dokumentuaren formatua txukundu nahi baduzu, gomendatzen dizugu, ahal baduzu, zeure ordenagailua ekartzea (posterra egiteko ez du garrantzi handirik). BETI eduki zure GRALaren kopiaren bat beste nonbait: dropbox, etxeko ordenagailua... ez fidatu soilik pendrivaz.
  • Ikasle mordoxka elkartuko gara, eta hori oso ona da adibide desberdinak izateko eta ideiak trukatzeko. Saio hau ez da tutoretza bat edo klase partikular bat, elkarri laguntzeko saioa da. Izan adeitsua zure kideekin eta denboraz etorri zure lanaz gain, beste norbaiti pixka bat laguntzeko edo bere GRALaren inguruan galdetzeko.


Zalantzarik baduzue, galdetu lasai, eta gainerakoan, asteazken arte!!! Mila esker denoi saio honetara etortzeko erakutsitako interesagatik!!!


2015(e)ko maiatza 5, asteartea

Irratsaioa jabe-gabetzeaz, musikaz... Ondarruko Radixu Irratian



Irrati libre bete-beteko 2 ordu eta 26 minutu, ez gehiago, ez gutxiago... Ondarruko Radixu Irratian. Denetik entzungo duzu audio honetan: debate sakonak, ironia, umorea, musika... Aritz Olea, Naiara Larrañaga, Ainhoa Ezeiza et Javier Encina. Aurkezpena euskaraz eta gainerakoa gaztelaniaz eta andaluz. Ez zara aspertuko!!!

Espero dugu Ilusionista Sozialen Mintegiak kolaborazio gehiago egitea irrati libreekin!!!