2015(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

2015/16 ikasturteko bigarren mintegia azaroaren 5ean: DOKUMENTAZIO LANA NOLA EGIN?

IKERLANAK ETA GrAL PROIEKTUAK GAUZATZEN LAGUNTZEKO MINTEGIAK

 
2015/16 ikasturteko 2. mintegia:
DOKUMENTAZIO LANA NOLA EGIN?
Idazketa akademikoa: Bilaketa bibliografikoak eta erreferentziak

GrALa egiten hasi zara eta ez dakizu nondik hasi dokumentazioa biltzen?
Ez dakizu edo ez zara gogoratzen zer diren APA Arauak?
Lan akademiko bat egiteko erreferentzia bibliografikoak nola jarri ez dakizu?

ZATOZ AZAROAREN 5eko MINTEGIRA!

IRAKASLE-DINAMIZATZAILEA: AINHOA EZEIZA
DATA: 2015eko AZAROAK 5
ORDUA: 12:30etatik 14:30etara (*ez da beharrezkoa saio osora etortzea)
LEKUA: 2.1 GELA (ordenagailu gela). Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola (UPV/EHU).
NORENTZAT:
§  Gradu Amaierako Lana egiten hasi diren ikasleak
§  Lan akademikoen dokumentazio-lana nola egin ikasi edo gogoratu nahi duten ikasleak
§  Orokorrean Gizarte Zientziekin lotura duten ikasketetan dabiltzanentzat
§  Beren esperientzia konpartitu edota ikerlana berrikusi nahi duten irakasle-ikertzaileentzat

IZENEMATEA ETA PARTAIDETZA: Saioak irekiak dira, edonork har dezake parte ahal duen denboran. Ez da beharrezkoa izena ematea.

Ikasturtean zehar egingo diren beste mintegi batzuk (2016ko martxotik aurrera):
-        Idazketa akademikoa: Testu antolaketa eta garapena. Erregistroa eta estilo akademikoa (euskaraz).
-        Ikerketa etikoa: Itzulketa-erak. Lana ikerketako partaideei komunikatzea (gaztelaniaz).
-        Posterrak prestatzeko saioa (euskaraz).
-        Ahozko aurkezpenak prestatzeko saioa.

Mintegi honen antolatzailea:
Ilusionista Sozialen Mintegia (ilusionistasozialak@gmail.com) http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/
Koordinatzailea: Ainhoa Ezeiza (ainhoa.ezeiza@ehu.eus)

Laguntzaileak:
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila
Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola

2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

Gaur, urriak 22 #magisfesta eguna!!!

Gaur, 2015eko urriaren 22an, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Lehen MagisFesta egingo dugu, Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako ikasleek antolatua (31 taldea).

#magisfesta 2

Ikasleek aurten hainbat proposamen egin dituzte Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian gauzatzeko, euren nahietatik abiatuz eta ilusionismo sozialaren printzipioetan oinarriturik. Horietariko bat Magisteritzan festa bat antolatzea izan da, jendearekin eta jendearengandik lan egiteko, magisteritzako beste pertsona batzuekin elkartzeko, bizipenak partekatzeko...



11:00etan hasiko gara eraikinaren barruan jolasak eginez: lokotxak, sokatira, zaku-lasterketa, zapi-jolas kooperatiboa... Horrez gain, hainbat leku egongo da ideiak biltzeko, hausnartzeko eta sortzen ari garen aldizkarien berri emateko. 13:00etan, bazkari bat egingo dugu autogestionatua, norberak ekarritakoa banatuz, elkarrekin disfrutatzeko. Gure nahia da jendearekin hitz egitea eta ondo pasatzea. Ilusio handiz prestatu dugu jai hau. Inguruan bazabiltza, gerturatu eta ondo pasa gurekin!!!


2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Lehen Ikerketa Mintegiko materialak: IKERKETA ETIKOA. JendeAREKIN eta jendeARENGANDIK ikertuz

2015eko urriaren 13tik 15era, ikerketa partehartzaileari buruzko lehen mintegia egin genuen, Javier ENCINA ikertzaile-dinamizatzaile-akuilariariak gidaturik (hemen informazio gehiago).

Oso interesgarria da ulertzea zein garrantzitsua den "ikerketa-objektu" kontzeptua behin betikoz gainditu eta "ikerketa-subjektu" indibidualetik SUBJEKTU KOLEKTIBORA pasatzea. Gizarte-zientziak neurgarri eta objektibo bihurtzeko grinak eragin zuen pertsonak eta gure inguru sozialak zientifikoki ikertzeko metodologiek pertsonak "objektu behagarritzat" jotzea.

Ikerkuntza sozialean, hiru dimentsio identifika ditzakegu arlo soziala aztertzeko eta esku hartzeko orduan: banatzailea, estrukturala eta dialektikoa. Dimentsio hauek ikerkuntza zertarako den markatzen dute eta era berean, parte hartzen dutenen rolak ezartzen dituzte.

Gure nahia ez da jakintasun hutsa, baizik eta ezinegonari, ekintzari eta partehartzeari aukera ematea; horregatik, nahi hauek ahalbidetzen dituzten ildoekin egin behar dugu lan, mugimendua eta sormena pizten duten ildoekin, alegia, inplikazioa bultzatzen dutenak.

Jesús IBÁÑEZek (1989:55) zehaztu bezala, dimentsio (ikuspegi) batzuek eta besteek hizkuntza tresna gisa erabiltzen dute, eta erabilera horrek berak eraldatzen du hizkuntza azkenean: “ikuspegi banatzaileak, orokorrean inkesta estatistikoa aplikatzen duenak, osagai sinbolikoaren dimentsio erreferentziala aplikatzen du: gauzak esateko aukera ematen du (…) (gertaeren gaineko ikerketa) —horregatik deitzen diogu deiktiko—. Ikuspegi estrukturalak, orokorrean eztabaida-taldea aplikatzen duenak, osagai sinbolikoaren dimentsio estrukturala aplikatzen du: hizkuntzaz esateko aukera ematen du, hizkuntzaren bitartez (iritzien gaineko ikerketa) —horregatik deitzen diogu anaforiko—. Ikuspegi dialektikoak, orokorrean sozioanalisia aplikatzen duenak, osagai semiotikoa aplikatzen du: hizkuntzarekin egiteko aukera ematen du."

ARBELAK:

Hona mintegiko arbel batzuk:






LANDUTAKO BIDEOAK:

Bideo hauek ere ikusi genituen saioetan zehar, gauza desberdinak lantzeko:

1. SAIOA: IKERKETA ETIKOA ETA IKUSPEGI DIALEKTIKOA.  IKERKETA OBJEKTUTIK SUBJEKTURA.
Universidades y ética. Edgar Morin y Luis Carrizo:
Ilusionismo Social:

2. SAIOA: EDUKOMUNIKAZIO HERRIKOIA ETA ALTERNATIBOA. BITARTEKARITZA SOZIAL DESIRAGARRIAK.
Mediaciones sociales:
Congreso de Comunicación Popular - UNLP (Ponencia de Omar Rincón):

3. SAIOA: KULTURA HERRIKOIAK ETA ESKOLA KOMUNA. EGUNEROKO BIZITZATIK IKERTZEA.
Algo se mueve en Málaga (fragmentos):
Desempoderamiento educativo: De la escuela a la comunidad:

ERABILITAKO TESTUAK:

Hiru testu hauek izan genituen oinarri, lehenik banaka, gero taldeka eta gero denon artean lantzeko:

1. SAIOA: IKERKETA ETIKOA ETA IKUSPEGI DIALEKTIKOA.  IKERKETA OBJEKTUTIK SUBJEKTURA.
Más allá de la última frontera metodológica: la complejidad de lo cotidiano desde la dimensión dialéctica. El Ilusionismo Social (fragmentos). Javier Encina y Mª Ángeles Ávila, UNILCO-espacio nómada. Sevilla.

2. SAIOA: EDUKOMUNIKAZIO HERRIKOIA ETA ALTERNATIBOA. BITARTEKARITZA SOZIAL DESIRAGARRIAK.
Mediaciones sociales y educomunicación. Javier Encina. Colectivo de Ilusionistas Sociales. Sevilla.

3. SAIOA: KULTURA HERRIKOIAK ETA ESKOLA KOMUNA. EGUNEROKO BIZITZATIK IKERTZEA.
Las culturas populares, la escuela común y la investigación desde espacios y tiempos cotidianos. Javier Encina. Colectivo de Ilusionistas Sociales.


2015(e)ko urriaren 4(a), igandea

2015/16ko lehen mintegia! JENDEAREKIN ETA JENDEARENGANDIK IKERTUZ Mintegia. Ikerketa etikoa eta partehartzailea.

2015/16 ikasturtean zehar, hainbat mintegi antolatuko ditugu Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan lan akademikoak eta ikerketak egiten trebatzeari begira. Mintegi guztiak doakoak izango dira eta partehartze librekoak.

Ekimen hau Ilusionista Sozialen Mintegian sortu da eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolarekin eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailarekin batera antolatuko dira. Zehazki lehen mintegi hau Ilusionista Sozialen Kolektiboaren eta UNILCO-espacio nómadarekin batera antolatu dugu.

PONENTE-DINAMIZATZAILEA: JAVIER ENCINA
DATAK: 2015eko urriaren 13, 14 eta 15ean, 17:00etatik 20:30etara
LEKUA: Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola (UPV/EHU). 
Oñati plaza 3, z/g, 20018 Donostia.

NORENTZAT:

  • Magisteritza Eskolako ikasleentzat eta orokorrean Gizarte Zientziekin lotura duten ikasketetan dabiltzanentzat, graduan zehar egin behar dituzten ikerketak ikuspegi etikotik gauzatzeko interesa duten ikasleentzat (lan akademikoak, GrALak, DILAN...)
  • Beren esperientzia konpartitu edota ikerlana berrikusi nahi duten irakasle-ikertzaileentzat
  • Unibertsitateko ikerketetan parte hartzen ari den administrazio eta zerbitzuetako pertsonalarentzat
  • Unibertsitatekoak izan gabe ere, ikerketan interesatuta dauden pertsonentzat
  • Kultura herrikoietan edo konpromiso etikoa eskatzen duten prozesuetan lanean ari diren pertsonentzat
  • ...


IZENEMATEA ETA PARTAIDETZA:
Saioak irekiak dira, eta horrek esan nahi du edonork har dezakeela parte interesatzen zaizkion saioetan, ahal duen denboran.

Ez da beharrezkoa izena ematea. Mintegia doakoa da. Informazio gehiago: Ainhoa Ezeiza (ainhoa.ezeiza@ehu.eus)

MINTEGIAREN AURKEZPENA:
Gaur egungo gizarte-ikerketa gehienek etika alde batera utzi dute gaizki ulertutako objektibotasunaren alde. Objektibotasun faltsu horrek eragin du gizarte-zientzietako proposamen gehienetan ikertutako subjektuak objektu bihurtzea, eta hala gizartea deshumanizatzea. Gainera, emaitza zientifikoetan zentratzen bagara, subjektuak objektu bihurtzearen eta ondorioz, giza-harremanak kontuan ez izatearen ondorioz, ikerketa zientifiko askok ez dizkigute gizartea ulertzeko gakoak eskaintzen.

Mintegi honetan, eztabaidatu nahi dugu nola bideratu hezkuntzaren, kulturen eta komunikazioaren inguruan egiten ari diren ikerketak ikuspegi etiko hori sustatzeko, bai Magisteritzako ikasleek graduan zehar egiten dituzten lanetan, bai gradu amaierako lanetan eta bai sailetan eta ikerketa-taldeetan egiten ari diren edo egingo diren hezkuntza eta gizarte-zientzien ikerketetan.

Horretarako, Javier ENCINA gonbidatu nahi dugu, Ilusionista Sozialen Kolektiboko koordinatzailea eta partaidetza metodologietan nazioarteko aditutzat hartzen dena, 1997ko IAP Munduko Biltzarrean gonbidatutako ponente izan zena (Cartagena de Indias) eta askotariko ikerketa eta gizarte-eraldaketako aholkulari eta koordinatzailea (atxikita doakizue bere curriculum laburtua).

Proposamen zehatza da ezagutzea nola ikertzen den ikuspegi etikoa, kultura herrikoiak eta bitartekaritza sozialak aintzat hartuta. Horretarako, lan egiteko modu bat proposatuko dugu, duela 25 urte garatzen hasi ginena: Ilusionismo Soziala.

Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia parte hartzaileak dituena (IAP bereziki) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez. Pentsatutakoa eta sentitutakoa, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezin direlarik ezberdindu.

SAIOAK:
Asteartea, urriak 13, 17:00: 
Ikerketa etikoa eta ikuspegi dialektikoa. Ikerketa objektutik subjektura.

Asteazkena, urriak 14, 17:00:
Edukomunikazio herrikoia eta alternatiboa. Bitartekaritza sozial desiragarriak.

Osteguna, urriak 15, 17:00:
Kultura herrikoiak eta eskola komuna. Eguneroko bizitzatik ikertzea.

Oharra: Mintegi hau gaztelaniaz izango da

Ikasturtean zehar egingo diren antzerako beste mintegi batzuk:

  • Idazketa akademikoa: Bilaketa eta erreferentzia bibliografikoak (euskaraz).
  • Idazketa akademikoa: Testu antolaketa eta garapena. Erregistroa eta estilo akademikoa (euskaraz).
  • Ikerketa etikoa: Itzulketa-erak. Lana ikerketako partaideei komunikatzea (gaztelaniaz).
  • Posterrak prestatzeko saioa (euskaraz).
  • Ahozko aurkezpenak prestatzeko saioa.


Koordinazioa eta informazioa:
Ainhoa Ezeiza
ainhoa.ezeiza@ehu.eus
ilusionistasozialak@gmail.com

Mintegi honen antolatzaileak:
Ilusionista Sozialen Mintegia
http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/

Colectivo de Ilusionistas Sociales
http://ilusionismosocial.org/

UNILCO-espacio nómada
http://desempoderamiento.blogspot.com.es/

Laguntzaileak eta babesleak:
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila
Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola
http://www.ehu.eus/es/web/irakasleen-ue-donostia/