2016(e)ko azaroaren 16(a), asteazkena

Irakurketa-idazketa prozesuen hastapen mintegia

Ilusionista Sozialen Mintegian asko interesatzen zaizkigu hizkuntzari lotutako gaiak. Oraingoan, Haur Hezkuntzaren amaieran eta Lehen Hezkuntzaren hasieran gertatu ohi diren prozesu garrantzitsu batzuen inguruko mintegia proposatu dugu, hain zuzen ere nola hasten diren haurrak irakurtzen eta idazten.

Prozesu horien inguruan askotariko ikerketak egin dira: bilakaeraren psikologiaren aldetik, grafologia eta psikomotrizitateari lotuta, ergonomia, garapen kognitiboa, garapen intelektuala...  Gehien ikertutako prozesu horietan, hutsuneak nabari ditugu askatasunaren eta ikuspegi sozialaren aldetik, ikuspegi hori planteatzen dute, esaterako, Meridako Paideia eskolan:



Gai hauek interesatzen bazaizkizu, zatoz gure mintegira:

Lekua: Donostiako Irakasletza Eraikineko 2.5 mintegia (Hizkuntzaren didaktikako irakasleen despatxuen pasiloan dagoena)
Eguna: 2016ko azaroak 23, asteazkena
Ordua: 12:30-13:30


Animatu eta hurbildu, interesgarria izango da!

2016(e)ko urriaren 17(a), astelehena

TAILERRA: Kultura herrikoiak eta sortze poetikoa #ISM16

Euskal Herriko Unibertsitateko Ilusionista Sozialen Mintegiko II Jardunaldien baitan, datorren asteazkenean, 2016ko urriaren 19an, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Irakasletza Eraikinean (Oñati plaza 3, Donostia), Kultura Herrikoiak eta Sortze Poetikoa izeneko tailerra egingo dugu, 16:30etatik 20:30etara.


Tailerra Julen IRAZUSTA kantautore eta hezitzaileak eta Rafael AMOR trobadore eta kantoreak dinamizatuko dute. Biek dute musika industriaren ikuspegi kritikoa, baita sentsibilitate handia ere sortzearen inguruan eta jendearekin EGOTEAk duen garrantziaz, jendearekin sortu, bizitza jendearekin partekatu, musika aitzakiatzat hartuta, espazioak dinamizatzeko eta bitartekaritza desiratuak sustatzeko.

Tailer honetan, hasieran banakako lana, taldekakoa eta kolektiboa egingo dugu, kultura herrikoietan eguneroko bizitzan sortzeko erabiltzen diren moduak izango ditugu hizpide, oraindik izendatzen asmatu ez dugun zerbait... baina jakin badakigu asko dutela troba, hitz-jolasak, alaitasuna eta gozamena, eta baita erresistentzia ere, historia jendearen bizipenetatik abiatuta kontatu nahia, pentsatu/sentitu/egin elkarlotu nahia...

Ideia da saioak hiru zati izatea:

  • Jendea etorri ahala jarriko gara lanean, kultura herrikoiak eta sorkuntza hizpide duen testu labur baten laguntzaz. Horrela, lehenik banakako lana egingo dugu eta gero talde txikitan.
  • 17:15etatik aurrera gutxi gorabehera, taldeetan hitz egindakoa kolektiboki zabalduko dugu. Hor hasiko da solasaldi irekia, sorkuntzari buruz eztabaidatzen jarriko gara, tentsio hori banakakoaren (talentuaren...) eta sozialaren (kolektiboaren, partekatuaren...) artean. Ideia da atal honetan eztabaidan hitzak eta musikak tarteratzea eta elkarlotzea.
  • 18:30etan atsedena egingo dugu kafea hartzeko, eta giroaren arabera orduan hasiko da errezitala edo azken prestakuntzak egingo ditugu errezitalerako. Kafea gelan bertan hartuko dugu. Errezitala Julen eta Rafaelen artean korapilatuko da, euskara eta gaztelania elkarrekin josiz... Beranduenik, 20:30etan amaituko dugu, ordu horretan itxiko baitute Eskola.

Gauzak ez daude itxita saioa jendearekin egingo dugun eraikitze kolektiboa izan dadin.

Hortik aurrera, ez dakigu zehazki zer gertatuko den baina bai musika, eraikitze kolektiboa eta debatea egongo dela.

SARRERA LIBREA ETA DOAKOA da, nahi duena etor daiteke nahi duenarekin (eskertuko dugu lagunduta etortzea!)



2016(e)ko irailaren 30(a), ostirala

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola mahai-ingurua, urriaren 5ean arratsaldez #ISM16

Azken bi urte hauetan, hausnarketa sakona egiten ari gara hizkuntzaren -eta bereziki euskararen- irakaskuntza moduen inguruan. Hizkuntzaren didaktikan egindako paradigma aldaketek estrukturalismotik ikuspegi komunikatibora eraman gaituzte, baina berdin egiten dugu talka muga handi batekin: irakasten den hizkuntza ez da “benetakoa”, egiantzekoa da, bai, testuinguratze komunikatiboari esker, baina simulazioan mugitzen denez, ez ditu elkartzen pentsatzeak, egiteak eta sentitzeak. Ondorioz, irakasten dugun hizkuntza kultura instituzionalean oinarritzen da (erabilera arauak, alderdi formalak, testuen gramatikak... hizkuntzalaritzatik hartutakoak gehienbat) edo agian, berrikuntza prozesuen ondorioz, masa-kulturan (youtubegintza, sare sozialetako hizkuntzen errepikapena...), baina alde batera utzi ditugu kultura herrikoiak.

Gure ustez, hizkuntzen irakaskuntza ahozkotasunetik abiatu behar da. Ahozkotasuna ez da ‘ahoz esatearen’ baliokidea, ahozkotasunak konplexutasunean du bizitza, hau da, osagabetasunean, inperfekzioan eta ziurgabetasunean; ez ditu bereizten pentsatu/sentitu/egin eta mugimenduan gauzatzen da, elementu paralinguistiko eta estralinguistikoetatik haratago, jendearekin gorputz osoz, ingurune natural eta sozialean dauden bitartekoak erabiliz (adierazpen plastikoa, fisikoa, natura eta gizarteari lotutakoa).

Hori da hizkuntzaren eta hezkuntzaren jabe-gabetzearen formulazioaren oinarria eta horretan ari gara lanean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Ilusionista Sozialen Mintegia deitu dugun UPV/EHUko ikerketa-formakzio taldean. Eta eztabaida irekitzeko, zabaltzeko eta partekatzeko, Ilusionista Sozialen Mintegiaren II. Jardunaldietan gai horri bete-betean heldu nahi izan diogu, hortik jardunaldien izenburua: NORENA DA HIZKUNTZA? KULTURA HERRIKOIAK ETA JABE-GABETZEA.



Agustín GARCÍA CALVOren pentsamenduak izan dira, besteak beste, jardunaldi hauen inspiragai, eta horregatik bere “Norena da hizkuntza?” artikuluaren izenburua hautatu dugu lelo gisa. Funtsean, hizkuntza kultura herrikoien bihotzean kokatu nahi genuke eta horrek zer esan nahi duen landu. Jardunaldien asmoa da hizkuntzen trataeraren inguruko hausnarketan sakontzea, Agustín GARCÍA CALVOk planteatu zuen ideia honen inguruan:

'Jaun-andreok: hizkuntza ez da inorena; konplexutasun zoragarriko makina hori, zuek zeuek darabilzuena, "herriyak bizilagunakin hitzeiteko dabilen hoixe", ez da inorena'.

Horregatik, ezinbestekoa iruditu zaigun euskararen normalizazioan izan diren lege eta esperientziei atzerako begirada bat ematea, ondo egindakoak jaso eta aurrera begirako proiekzioa egiteko. Eta horrekin batera, uste dugu ezin dela bereiztuta planteatu Eskolaren lekua, Euskara eta Eskola, euskararen irakaskuntza-ereduak, motibazioan eragiteko esperientziak... ere aztertzea.

Asmoa ez da, inolaz ere, kritika hutsean edo iraganaren birpasa hutsean geratzea; horregatik deitzen diegu jardunaldiei 'formaKzio'; eztabaida zabaldu nahi dugu etorkizuna kolektiboki eraikitzeko gogoz.

SAIOA

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola

NON
Donostia (Gipuzkoa), Magisteritza Ikastegia (Oñati plaza 3, z/g), Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (Euskal Herriko Unibertsitatea). 1.1 gela.

NOIZ
Urriaren 5ean, 16:30etatik 20:30etara

SOLASKIDEAK
  • Iñaki Biain, hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean
  • Zigor Etxeburua, Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari, Kontseiluan teknikari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari
  • Ainhoa Ezeiza, ISM taldeko ikertzaile nagusia
  • Moderatzailea: Nahia Delgado, hezitzailea eta Lehen Hezkuntza Graduko Atzerriko Hizkuntzan espezialdua
IZENEMATEA
Ez da beharrezkoa.
Jardunaldietako beste saio batzuetan parte hartu nahi bada eta egiaztagiria eskatu nahi bada, orduan hemen eman behar da izena: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

JARDUNALDIEN INGURUKO INFORMAZIO GEHIAGO
http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10


PONENTEEI BURUZ
Iñaki Biain hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea da Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean. Aspaldi dabil lanean euskalgintza eta eskola erakundea elkarlotzen eta bere esperientziak eta kezkak oso praktikan oinarrituak dira. Interesgarria da, besteak beste, Argia Aldizkarian argitaratutako artikulu hauxe.

Zigor Etxeburua Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari aritu da lanean urte luzez, eta aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari izan da. Kontseiluan teknikari da eta hainbat proiektutan hartu du parte hizkuntz normalizazioari lotuta. Uneotan arreta berezia jartzen ari da hizkuntz normalizazioan abiatu beharreko neurri berrien inguruan.

Ainhoa Ezeiza, ikastaroaren koordinatzaile nagusia, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean eta ISM ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia. Psikodidaktikan doktore, Komunikazio Gaitasunaren Ebaluazioari lotutako tesia defendatuta.

Nahia Delgado Lehen Hezkuntzan graduatua da, Atzerriko Hizkuntzan espezialdua eta hezitzailea esparru informaletan. Gaitasun plastikoak eta ikus-entzunezkoak lantzen ditu hizkuntzaren irakaskuntza prozesuak aberasteko. Hizkuntzaren jabe-gabetzea: Sarrera bat artikuluko egilekidea.

2016(e)ko irailaren 27(a), asteartea

#ISM16 Jardunaldiak Xalapan! Espazio komunetan berriz elkartzen

Azken hilabetean lanean aritu gara Xalapan (Veracruz, Mexiko) ere Ilusionista Sozialen Mintegiko 2016ko Jardunaldiak egin zitezen. Urte hasieran izan ginen bertan eta oso sentipen biziak partekatu genituen, oso jende ederra ezagutu genuen eta sentitu genuen elkartrukean jarraitu nahi genuela.

Bertako hainbat kolektibo elkartu dira jardunaldi hauek prestatu eta ondoren "Kaos Sortzailea eta Konplexutasuna" gure nazioarteko online ikastaroan topatuko gara, elkarrekin eraikitzen segitzeko.

Hona Xalapan egingo diren saioak, oso-oso itxura ona dute!!!
  • Irailak 29 eta urriak 6 eta 13, 17:00-20:00 Garapen Komunitariorako Komunikazio Tailerra. Koordinazioa: Vladimir Castro Alonso. R Positivo Kolektiboa.
  • Urriak 1, 12:00-16:00 Nondik dator janaria? Tailerra: Leku publikoak geureganatzea. Koordinazioa: Nadia Jocelyn Valdivia Romero. Huerto Biología Kolektiboa.
  • Urriak 8, 10:00-14:00 Autogestioa eta artea gizarte-eraldaketarako Tailerra: Viaje de la Serpiente Kolektiboaren esperientzia. Koordinazioa: Braulio Soto Cáceres. Ecodiálogo (Universidad Veracruzana).
  • Urriak 15, 10:00-14:00 Auzo barruko partaidetza komunitarioko prozesuen Tailerra. Koordinazioa: Javier Iván Rodríguez eta Julio Castillo. Xiadani Etxe Komunitarioa.
  • Azaroak 5, 10:00-14:00 Gratiferia: Komunitatearen eta komunitatea egiteko hazia. Koordinazioa: Nayeli Moreno G. Tiempo de Plantas Kolektiboa. Xallitic Auzoko esplanadan.
Informazio gehiago pdf dokumentu honetan (gaztelaniaz)

Jardunaldi hauek Tiempo de Plantas Kolektiboak koordinatzen ditu, RPositivo Kolektiboarekin batera. Biak atxiki dira Ilusionista Sozialen Mintegiaren egiaztatze sozialari!



Aurrez aurreko jardunaldi hauek honela lotzen dira online ikastaroarekin:

9. BLOKEA: Espazio komunetan berriz elkartuz
1. astea: Botere moduen inguruko sarrera
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jendearekin eta jendearengandik egindako partehartze esperientziak
4. astea: Bitartekaritza sozialak
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Jabe-gabetze komunitarioa
7. astea: Ilusionismo Sozialaren zentzumenak, teknikak eta tresnak

2016(e)ko irailaren 24(a), larunbata

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 6. BLOKEA Ahozkotasuna eta kultura herrikoiak

Konturatu gara munduko leku desberdinetan antzerako kezkak ditugun pertsonak gaudela, eta pertsona horietako batzuekin harremanetan gabiltzanez, pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela orain arte posta elektronikoz edo bertaratuz izan ditugun truke horiek irekitzea, jende gehiagok parte har dezan. Horretarako, online ikastaro baten proposamena sortu dugu, gure pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak partekatu eta elkarri laguntzeko.

Aldi berean, ez genuen guztiz online izango den ikastaro bat egin nahi. Uste dugu garrantzitsua dela lekuan lekuko jendeak elkar ezagutzea, ez dadin izan formazio huts bat, formaziotik formakziora pasatu ahal izateko. Horregatik, online ikastaroa egiteko, aurrez aurre gutxienez 8 orduz aritzea eskatzen dugu.

Horrela sortu dugu Kaos Sortzailea eta Konplexutasuna nazioarteko ikastaroa. Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA

Informazio gehiago eta izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa


Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu ( ilusionistasozialak@gmail.com )

Uneotan bi egiaztatze-modu ditugu:
  • Egiaztagiri propioa, soziala, honako erakundeek zigilaturik: Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Ilusionista Sozialen Kolektiboa, UNILCO-espacio nómada, UACM (Universidad Autónoma de Ciudad de México), LaTIC-FM (UACM, Mexiko Hiria), Innova4B eta Multimedia Educativa (Donostia), Rpositivo eta Colectivo Tiempo de Plantas (Xalapa).
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren egiaztagiria, soilik EAEko hezkuntza sistemako irakasleentzat, prest_gara programan eskaintzen ditugun ikastaro homologatuetan izena emanez. Online formazioaren homologazio eskaera ere tramitatu dugu.


Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak...)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar

Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Aurreko sarreretan gainerako blokeak argitu ditugu, eta honakoa da Donostiako azken blokea, 6. Blokea, alegia:

6. BLOKEA: Ahozkotasuna eta kultura herrikoiak
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (24 ordu aurrez aurre):

Urriak 13 Jendearekin eta jendearengandik lan egiten (4 ordu)
Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 15 Kultura herrikoiak, espazioak eta denborak (4 ordu)
Urriak 19 Kultura herrikoiak eta sortze literarioa (4 ordu)
Urriak 20 Ahozkotasuna eta kulturaren berreskuratzea (4 ordu)
Urriak 21 Hizkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)

Bloke hau osatzeko, 26 ordu egin behar dira online, 5 aste:
1. astea: Kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboak eta kultura herrikoiak
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Ahozko historiak
4. astea: Bitartekaritza sozialak
5. astea: Ilusionismo Soziala

Bloke honen aurrez aurreko atala euskarazko bi ikastaro hauetako batekin konbinatu daiteke, aurrez aurrekoa edo online, 50 eskola-orduak betetzeko (prest_gara programaren barruan ere eskaintzen da, irakasle.net aplikatiboaren bitartez eman izena EAEko irakasle bazara, Eusko Jaurlaritzaren egiaztagiri ofiziala jasotzeko):
  • IKASTAROA (I): HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, aurrez aurrekoa)
  • IKASTAROA (II): BIGARREN HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, online)

2016(e)ko irailaren 23(a), ostirala

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 5. BLOKEA Hezkuntzaren jabe-gabetzea eta kultura herrikoiak

Hezkuntzaren eraldaketan, funtsezko deritzogu botere-harremanak malgutzeari. Uneotan Eskolak du hezkuntzaren zentralitatea, eta Eskolan nabarmena da, rol banaketak direla eta, badirela agintzen dutenak eta obeditzen dutenak: irakasleak-ikasleak, ikasle batzuk beste ikasle batzuen gainean, ikasle batzuk irakasle batzuen gainean, guraso batzuk eskolako gainerakoen gainean... Gure ustez, Eskola derrigorrezkoa den bitartean, ezin dira botere-harremanak guztiz deuseztu baina bai egiturak malgutu, eta horrekin batera, jakintza herrikoiak balioetsi, ezagutza zientifikoekin batera eraikitze kolektiboa errazteko, kultura herrikoietan gertatzen den bezala.

Gai horixe hartu dugu Kaos Sortzailea eta Konplexutasuna nazioarteko ikastaroaren 5. blokea eratzeko.

Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA

Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Informazio gehiago eta izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa



Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu ( ilusionistasozialak@gmail.com )

Aurreko sarreretan lehen lau blokeak argitu genituen, gaur 5. Blokea:

5. BLOKEA: Hezkuntzaren jabe-gabetzea eta kultura herrikoiak
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (24 ordu aurrez aurre):

Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 15 Kultura herrikoiak, espazioak eta denborak (4 ordu)
Urriak 19 Kultura herrikoiak eta sortze literarioa (4 ordu)
Urriak 20 Ahozkotasuna eta kulturaren berreskuratzea (4 ordu)
Urriak 21 Hizkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)

Bloke hau osatzeko, 30 ordu egin behar dira online, 6 aste:
1. astea: Kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboak eta kultura herrikoiak
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jabe-gabetzearen zutabeak I
4. astea: Hezkuntza esperientziak
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Bizikidetza-gizarte baterantz

Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak...)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar

Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:


2016(e)ko irailaren 22(a), osteguna

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 4. BLOKEA Jabe-gabetzea

Jabe-gabetzea boterea uztea baino ez da, gauden lekuan edo egoeran gaudelarik boterea dugula sentitzen dugunean, botere horri uko egitea eta beherantz uztea, goranzko erresistentzia-moduak ezartzearekin batera. Jabe-gabetzea hainbat eremutan jorratu dugu: jabe-gabetze komunitarioa, Hizkuntzaren jabe-gabetzea, Zientziaren jabe-gabetzea, Hezkuntzaren jabe-gabetzea, jabe-gabetze sanitarioa, Administrazio Publikoen jabe-gabetzea...

Gai horixe du Kaos Sortzailea eta Konplexutasuna nazioarteko ikastaroaren 4. blokea.

Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA

Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Informazio gehiago eta izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa



Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu ( ilusionistasozialak@gmail.com )

Aurreko sarreretan lehen hiru blokeak argitu genituen, gaur 4. Blokea:

4. BLOKEA: Jabe-gabetzea
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (8 ordu aurrez aurre):

Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 21 Hizkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)

Bloke hau osatzeko, 42 ordu egin behar dira online, 7 aste:
1. astea: Botere moduen inguruko sarrera
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jabe-gabetzearen zutabeak I
4. astea: Jabe-gabetzearen zutabeak II
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Jabe-gabetze komunitarioa
7. astea: Zientziaren jabe-gabetzea

Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak...)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar

Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:


2016(e)ko irailaren 21(a), asteazkena

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 3. BLOKEA Kultura herrikoiak

ONLINE IKASTAROAREN DINAMIKAREN INGURUAN BI HITZ:

"Kaos sortzailea eta konplexutasuna" nazioarteko online ikastaroa da, bertan elkartuko gara munduko leku desberdinetako jendea, batez ere Euskal Herria, Mexiko, Andaluzia, Galiza eta Valentziar Herrikoa. Dokumentu honetan (pdf) patxadaz irakur daiteke nola lotzen diren Donostiako urriko jardunaldiak eta online ikastaroa.

Ikastaroaren dinamika xumea izango da:
  • Aste bakoitzeko foro bat zabaldu dugu ibilbide bakoitzeko.
  • Foro horren aurkezpenean, aste horretarako abiapuntuko materiala jarri dugu, partaideek irakurri/entzun/ikusi eta bertatik abiatuta bere ideiak, hausnarketa, esperientziak, sentipenak partekatzeko, foroan sarrera bat idatziz.
  • Aste osoa izango dugu partaideok gure ideiak foro horretan partekatzeko, beste partaideekin eztabaidatzeko eta abar.
  • Astea amaitzen denean, hurrengo asteko gaira joko dugu.
  • 50 orduko formazio-egiaztagiria eskuratzeko, aurrez aurreko saioez gain, partaide bakoitzak gutxienez mezu bat idatzi behar du astero dagokion foroan eta gutxienez 18 mezu ikastaro osoan guztira.
  • Asteak eta gaiak partaideak hautatutako blokearen araberakoa izango dira
Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA

Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Informazio gehiago eta izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa



Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu.

Harremanetarako: ilusionistasozialak@gmail.com

Online ikastaroa eta 50 orduko formazio-egiaztagiria doakoak dira. Ilusionista Sozialen Mintegian ez dizugu eskatuko ezer ordaintzea gurekin batera formatzeko. Geuk ere asko ikasten dugu zure partaidetzarekin!

Aurreko egunetan 1. eta 2. blokeak argitu genituen, gaur 3. Blokea:

3. BLOKEA: Kultura herrikoiak
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (12 ordu aurrez aurre):

Urriak 15 Kultura herrikoiak, espazioak eta denborak (4 ordu)
Urriak 19 Kultura herrikoiak eta sortze poetikoa (4 ordu)
Urriak 20 Ahozkotasuna eta kulturaren berreskuratzea (4 ordu)

Bloke hau osatzeko, 38 ordu egin behar dira online, 7 aste:
1. astea: Kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboak eta kultura herrikoiak
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Ahozko historiak
4. astea: Kultura herrikoiak egiteko/pentsatzeko/sentitzeko modu gisa lantzeko bederatzi galdera I
5. astea: Kultura herrikoiak egiteko/pentsatzeko/sentitzeko modu gisa lantzeko bederatzi galdera II
6. astea: Bizikidetza-gizarte baterantz
7. astea: Zientziaren jabe-gabetzea

Bloke honen aurrez aurreko atala euskarazko bi ikastaro hauetako batekin konbinatu daiteke, aurrez aurrekoa edo online, 50 eskola-orduak betetzeko (prest_gara programaren barruan ere eskaintzen da, irakasle.net aplikatiboaren bitartez eman izena EAEko irakasle bazara, Eusko Jaurlaritzaren egiaztagiri ofiziala jasotzeko):

IKASTAROA (I): HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, aurrez aurrekoa)
IKASTAROA (II): BIGARREN HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, online)


Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak...)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar

Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:


2016(e)ko irailaren 20(a), asteartea

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 2. BLOKEA JendeAREKIN eta jendeARENGANDIK

Konturatu gara munduko leku desberdinetan antzerako kezkak ditugun pertsonak gaudela, eta pertsona horietako batzuekin harremanetan gabiltzanez, pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela orain arte posta elektronikoz edo bertaratuz izan ditugun truke horiek irekitzea, jende gehiagok parte har dezan. Horretarako, online ikastaro baten proposamena sortu dugu, gure pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak partekatu eta elkarri laguntzeko.

Aldi berean, ez genuen guztiz online izango den ikastaro bat egin nahi. Uste dugu garrantzitsua dela lekuan lekuko jendeak elkar ezagutzea, ez dadin izan formazio huts bat, formaziotik formakziora pasatu ahal izateko. Horregatik, online ikastaroa egiteko, aurrez aurre gutxienez 8 orduz aritzea eskatzen dugu.



Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu.

Harremanetarako: ilusionistasozialak@gmail.com

Online ikastaroa eta 50 orduko formazio-egiaztagiria doakoak dira. Ilusionista Sozialen Mintegian ez dizugu eskatuko ezer ordaintzea gurekin batera formatzeko. Geuk ere asko ikasten dugu zure partaidetzarekin!

Atzo 1. Blokea argitu genuen eta gaur 2. blokea argituko dugu:

2. BLOKEA: JendeAREKIN eta jendeARENGANDIK
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (12 ordu aurrez aurre):

Urriak 13 Jendearekin eta jendearengandik lan egiten (4 ordu)
Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 15 Kultura herrikoiak, espazioak eta denborak (4 ordu)

Bloke hau osatzeko, 38 ordu egin behar dira online, 7 aste:
1. astea: Botere moduen inguruko sarrera
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jendearekin eta jendearengandik egindako partehartze esperientziak
4. astea: Bitartekaritza sozialak
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Jabe-gabetze komunitarioa
7. astea: Ilusionismo Sozialaren zentzumenak, teknikak eta tresnak

Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak...)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar

Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:


2016(e)ko irailaren 19(a), astelehena

Kaos sortzailea eta konplexutasuna ikastaroa: 1. BLOKEA Norena da hizkuntza?

Aspaldi gabiltza geure buruari planteatzen nola eraiki formakzio proposamen bat unibertsitatean egiten ari garen gauza batzuk kalean egiten ari garen beste gauza batzuekin eta gauzak egiten ari den jendearekin elkarlotzeko... eta aitzakia gisa balioko duena gizarte-laboreak sortzeko, sustatzeko, dinamizatzeko, Penintsula Iberikoan eta Latinoamerikan. Ze, gure asmoa da ezagutza zientifikoaren, jakintza herrikoien eta ezagutza alternatiboen arteko mestizajean topatzea, belaunaldi arteko, kulturarteko, genero arteko... trukeak sustatzea, alegia.

Ideia horietatik sortu dugu formakzio proposamen hau (formakzioa, formazioa eta akzioa elkarlotzen saiatzea). Horregatik, pentsatu dugu formakzioak aurrez aurrekoa eta onlinekoa, biak lotu behar dituela. Hartara, online espazio komun bat izan dezakegu, leku desberdinetako jendearekin kolektiboki eraikitzea ahalbidetzeko, eta aurrez aurrekoa, lekuan lekuko jendeak elkar ezagutzeko, ahozkotasunean oinarriturik.



Partaideentzat ibilbide desberdinak proposatu ditugu, aurrez aurreko lana eta online lana bateraturik, 50 orduko formazio modulu bat osatu arte. Hala, leku desberdinetako jendeak ibilbide desberdinak egingo ditu, eta bide horretan jende desberdinarekin elkartzen joango da... Beno, bai, agian ez da oso-oso ulerterraza... baina zaila da konplexutasuna azaltzea!!!



Blokez bloke azaltzen joango gara eta horrela espero dugu ulergarriagoa izatea. Gaur 1. blokea:


1 BLOKEA: Norena da hizkuntza? Kultura herrikoiak eta hizkuntzaren jabe-gabetzea

Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (20 ordu aurrez aurre):
Urriak 5    Hizkuntzaren normalizazioa. Norena da hizkuntza? Mahai-ingurua (euskaraz) (4 ordu)
Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 19 Kultura herrikoiak eta sortze literarioa (4 ordu)
Urriak 20 Ahozkotasuna eta kulturaren berreskuratzea (4 ordu)
Urriak 21 Hizkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
*Eusko Jaurlaritzaren egiaztapena: 25 ordu (egiaztapen hau eskuratzeko, ezinbestekoa da irakasle.net aplikazio ofizialaren bitartez ematea izena, aurrez aurreko saioetan %80 ko bertaratzea izatea eta 5 ordu betetzea ikastaroaren amaierako lan bat osatzeko, urriaren 24tik 30era bitartean)
Bloke hau osatzeko, 30 ordu egin behar dira online, 6 aste:
1. astea: Kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboak eta kultura herrikoiak
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Ahozko historiak
4. astea: 'Lengua' vs. 'Idioma'. Ahozkoa eta idatzia.
5. astea: Identitatea eta identifikazioak. Pentsatu/sentitu/egin bateratuz.
6. astea: Bizikidetza-gizarte baterantz
Bloke honen aurrez aurreko atala euskarazko bi ikastaro hauetako batekin konbinatu daiteke, aurrez aurrekoa edo online, 50 eskola-orduak betetzeko (prest_gara programaren barruan ere eskaintzen da, irakasle.net aplikatiboaren bitartez eman izena EAEko irakasle bazara, Eusko Jaurlaritzaren egiaztagiri ofiziala jasotzeko):
  • IKASTAROA (I): HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, aurrez aurrekoa)
  • IKASTAROA (II): BIGARREN HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, online)

2016(e)ko irailaren 7(a), asteazkena

Oporretatik itzuli gara... eta ez gatoz esku hutsik!!!

Kaixo! Hementxe gaude, oporren bueltan, eta egun hauetan ixil-ixilik egon gara hortxe genbiltzalako lanean, gauzatxoak prestatzen... 2016/17 ikasturtea iritsi da!!! Dena ondo joan dakizuela opa dizuegu!

AURTENGO FORMAKZIO PROPOSAMENA:

KAOS SORTZAILEA ETA KONPLEXUTASUNA

Buruari bor-bor eman ondoren eta asko hitz egin ostean, bururatu zaigu interesgarria izan daitekeela aurrez aurreko jardunaldiak eta online lana elkarlotzea, elkarri lagundu, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin eraikitzen segitzeko.

Uste dugu jakitea, eztabaidatzea eta hausnartzea oso garrantzitsua dela, baina... jakite hutsak ez du askorik laguntzen Mundu Berri bat eraikitzen... eta horregatik pentsatu dugu formakzioak (formazioa+akzioa, ekintza) eraldaketa erraztu beharko lukeela partaide bakoitza dagoen lekuan. Horregatik, aukera zabaldu dugu munduko leku desberdinetan jardunaldiak nork bere gustura antola ditzan (gutxienez aurrez aurreko 8 ordu eginda) eta online gunean elkartzea

Hori dela eta, Ilusionista Sozialen Mintegiaren 2016ko jardunaldiak munduko leku desberdinetan egingo dira, lekuan lekuko proposamena gauzatuz eta gero, online gunean segituz. Online formakzioari "KAOS SORTZAILEA ETA KONPLEXUTASUNA" deitu diogu (#caoscreativo) eta gaztelaniaz izango da (euskara hutsezko online ikastaro bat egingo dugu 2017ko urtarril-otsailean), eta leku bakoitzean egingo diren jardunaldiek gai eta izen berezia izango dute, leku bakoitzeko koordinatzaileek erabakiko baitute.

Jardunaldietan eta online ikastaroan parte hartzea DOAKOA da eta irekia, hau da, ez da beharrezkoa izena ematea, saio guztietara joatea... Soilik da beharrezkoa izena ematea 50 orduko formazio-egiaztagiria eskuratzeko (egiaztagiria ere doakoa da).

Formakzioaren amaieran egiaztagiri bat emango zaie %75eko asistentzia gainditzen duten partaideei.


Jardunaldi eta ikastaroetako izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

AURREZ AURREKO JARDUNALDIAK

Orain arte egoitza hauek ditugu baieztatuta, eta espero dugu datozen egunotan beste leku batzuk batzea: Xalapa (Mexiko), Bormujos (Sevilla), Cuernavaca (Mexiko)... eta oraingoz ixilpean gordeko dugun beste pare bat...

  • EGOITZA: MEXIKO HIRIA

JAKINTZEN ARTEKO ELKARRIZKETA ETA ERAIKITZE KOLEKTIBOA


DATA: 2016ko irailaren 10etik urriaren 15era
LEKUA: Casa Libertad, Universidad Autónoma de la Ciudad de México (UACM) eta Ixcalli Jangela eta Parke Komunitarioa
ORDUA: Tailer/Hizketagune bakoitzak ordutegi propioa du, begiratu estekan informazio gehiago izateko (guztira 20 ordu aurrez aurre)
ANTOLATZAILEAK: LaTICFM-Aula Abierta Comunitaria, Universidad Autónoma de Ciudad de México (UACM).
KOORDINAZIOA: Emiliano Urteaga, Sandra Marco, Felicitas Ovalle, Sinaí Rivera, Ricardo Vega eta Julieta Santos (laticfm@gmail.com)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/cdmx-2016

  • EGOITZA: SEVILLA

JABE-GABETZE KOMUNITARIOA


DATA: 2016ko irailak 19-20
LEKUA: Asociación Avv Andalucía, Bda. San Diego, Local 51, Sevilla
ORDUA: 17:00-21:00 (guztira 8 ordu aurrez aurre)
ANTOLATZAILEAK: UNILCO-espacio nómada Sevilla eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa, UPV/EHUko Ilusionista Sozialen Mintegiarekin batera.
KOORDINATZAILEAK: Carmen Pérez eta Javier Encina (ilusionismosocial@gmail.com)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/sevilla-2016-09

  • EGOITZA: DONOSTIA (GIPUZKOA)

NORENA DA HIZKUNTZA? Kultura herrikoiak eta hizkuntzaren jabe-gabetzea



DATA: 2016ko urriak 5, 13, 14, 15, 19, 20 eta 21 (ez da beharrezkoa saio guztietara bertaratzea)
LEKUA: UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Irakasletza eraikina (Magisteritza). Oñati plaza 3, z/g, Donostia.
ORDUA: 16:30-20:30.
*Urriaren 15eko saioa, larunbata, Innova4B erakundearen egoitzan izango da, 10:00etatik 14:00etara.
ANTOLATZAILEAK: Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU) eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa.
LAGUNTZAILEAK: Multimedia Educativa, Innova4B, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusa, UNILCO-espacio nómada.
KOORDINAZIOA: Ainhoa Ezeiza (ainhoa.ezeiza@ehu.eus)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10

ONLINE FORMAKZIOA

Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA



Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan:

http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Online formakzioan, astero gai bat jorratuko du partaideak, proposatu ditugun materialak abiapuntu gisa hartuta, edo hobeto esanda, aitzakia gisa hartuta. Eztabaida dinamizatzen lagunduko dugu eta partaideen erritmo, interes, nahi eta elkarreraginen arabera joango gara dinamikak eraikitzen. Kalkulatu dugu astero 6 ordu behar dituela partaideak, 5-7 astetan zehar.

Online atala blokeka antolatu dugu, partaideen ibilbidearen arabera, eta saiatu gara partaideen interesguneak bilatzen eta baita elkar gaitezen guneak eta momentuak proposatzen.

Informazio zehatz guztia webgunean duzue: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa


Beno ba, gaurkoz hauxen!!! Segiko dugu berriak kontatzen: sortzen ari garen aldizkaria, astelehenean hasiko ditugun klaseetako gorabeherak, gure hausnarketak eta proposamenak...

ONGI ETORRI!!!

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

Ilusionista Sozialen Mintegiko webgune ofiziala martxan!

Hortxe aritu gara, txingurrien modura, poliki-poliki lanean... eta dagoeneko prest dugu  (beno, prest edo abiatuta behintzat!) ISM ikerketa-formakzio taldearen webgune ofiziala, UPV/EHUko webgune nagusian:

Webgune berriaren esteka erraza: http://www.ehu.eus/ism
Euskarazko bertsiorako esteka zuzena: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/home
Gaztelaniazko bertsiorako esteka zuzena: http://www.ehu.eus/es/web/ism/home


ISM webgunea
ISM webgune ofiziala
Bertan ikusiko duzue taldea dezente hazi dela! Joan-etorrian dabiltzan UPV/EHUko ikasleez gain, munduko hainbat lekutan lanean ari diren askotariko osakideak ditugu: Andaluzian, Kanadan, Mexikon, Galizan, Katalunian... Eta jardunaldi eta formakzio ekimenez gain (formazioa ekintzarako baita...), bertan gehitzen ari gara zein karrera amaierako lanetan ari garen laguntzen edota zuzentzen.

Hala ere, blog honi ere eutsiko diogu, motz geratzen baitzaigu webgune ofiziala... beharbada formalegia... eta blog honetan informalago eta libreago aritzen gara gauzak argitaratzen. Hortaz, han eta hemen ibiliko gara, facebook eta twitterren ibiltzeaz gain:

Ongi etorri gurekin batera ikertu, ikasi, kolektiboki eraiki nahi duzuen guztiok!

2016(e)ko maiatzaren 27(a), ostirala

Ilusionista Sozialen Mintegiko logo berria!!!

Ze poza hartu dugun gaur! Eposta bat jaso dugu "Surprise!" izenburua zuena eta horixe surprisa izan dela!!!

Gure logoaren historia laburra oso polita da. Nola jaio zen? Ba iaz, Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko jardunaldiak antolatzen ari ginela, hortxe, magiseko atarian jarri ginen kartelak prestatzen, hainbat ikasle hasieran, eta gero ikasle gehiago hurbildu zen, batzuk gurekin hitz egitera, beste batzuk laguntzera... oso egun berezia izan zen, beharbada jardunaldietako egunik onena, jardunaldiak hasi baino hilabete lehenagokoa!!! Hemen idatzi genuen egun horren inguruko zertxobait:

http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/2015/03/ilusionista-sozialen-mintegia-eratzeko.html


Egun horretan, David Dubreuil bertatik pasa zen, gurekin berriketa pixka bat egin eta klasera joan zen. Eta itzuli zenean, logoa ekarri zigun, Ilusionista Sozialen Kolektiboko kolibria Donostiako Haizearen Orraziko eskultura gehituta:


Guk gero honelako zerbait osatu genuen, orain arte erabiltzen aritu garen logoa:


Eta logo hau izan da orain arte erabiltzen aritu garena, bai karteletan, bai argitalpenetan, webguneetan...

Eta gaur, Nahia Delgado, karrera amaitzear dagoen ikaslea, iaz #decomagis-en hain lan ederra egiten aritu zena eta gurekin batera "Hizkuntzaren jabe-gabetzea" artikulua idatzi zuena, Adobe Ilustratorrekin praktikak egiten aritu ondoren, honakoa bidali digu, eta izugarrizko poza hartu dugu Ilusionista Sozialen Mintegian!


Sorpresak maite ditugu ISMn, gauzak elkarrekin eraikitzea, jendeak sentitzea ez duela baimenik eskatu behar gauzak egiteko, ezta barkamenik ere gauzak ez egiteagatik. Nahi duenak nahi duenean hartzen du parte, nahi duen modura. Horri esker gertatzen dira espero ez diren gauzak, posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenerantz!

2016(e)ko maiatzaren 23(a), astelehena

Ilusionismo Sozialetik lan egiten: Ikasgelako giroaz, Alba Ayucar ikaslea

Alba Ayucar, Lehen Hezkuntza Graduko Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikaslea da. Bera berez beranduago hasi zen aurten eta ez zituen bere kideak ezagutzen hasieran. Eskatu diot kontatzeko nola ikusi zuen gelako giroa eta nola joan zen besteekin lan egiten, klasera etortzerik zuen egunetan. Hona bere hausnarketa (eskerrik asko, Alba!!!):

Gure klaseak askotan kaosa irudika zezaketen. Musika jartzen zuen zenbaitetan irakasleak, taldeka hitzegiten inolako orden zehatz bat eraman gabe, zenbaitetan gela kanpoan edo belarretan… Baino kanpotik ikusitako kaos horrek guztiz zentzuzkoa den beste errealitate bat izkutatzen zuen.



Bertan denon iritziak entzuten ziren, bakoitzak burutu nahi zuen hura burutzeko aukera izan zuen, disentsuan lan egiten saiatuz. Banaka eta/edo taldeka egiteko aukera zegoen. Gelan norbait sartu izan balitz (ateak gehinetan irekitak baitzeuden) taldeka elkartuta hitzegiten, mahai gainean eserita edo lurrean, lasaitasunez… ikusiko gintuen, lagunartean, BERDINEN artean ibiliko bagina bezela.

Eremu informal batean eta inolako pausu zehatzak jarraitu gabe ariketa didaktiko zehatzak eta unitate didaktikoak sortzera iritsi ginen. Baina garrantzitsuena da ez gintuela inork behartu ezer egitera edo nola egitera, eta, denon ideiak kontuan hartuz azkenean lan koordinatu bat egitera iritsi ginen. Eta honela oso ariketa interesgarriak izan dira gure fruitu. Lipdub bat, merendola bat, aldizkari bat, Erasmusaren inguruko bilera informal bat…


Ariketa hauek burutzeko zenbaitetan magisteritzako buruen aldetik kexak jaso ditugu. Hau ez baita ohituak dauden lan egiteko era, eta askotan ez dute ulertu gure lan egiteko era. Azkeneko bilera hau prestatu genuenean adibidez, erabaki genuen baimenik ez eskatzea, egun gutxirekin antolatu genuenez ez zegoelako denborarik eskariaren erantzunaren zain egoteko. Eta ondoren zuzendariaren aldetik arreta dei bat jaso zuen gure irakasleak.


Lan egiteko garaian arazoak sortu ziren eta sortuko dira baino ezin ginen/gara hauengatik atzera bota. Lanean jarraitu behar dugu guk uste dugulako lan egiteko modu honek benetan izateko modua daukala eta inkonformidade hauek gure lanaren parte dira. Denon iritziak balio dute.

Egiten ikasi dugu, lanean denon artean, ikasi dugu. Inoren boterearen edo derrigortasunaren menpe, giro onean, alaitasunez. Eta denon artean lortutakoa GUREA bezala sentitzeaz gain, norberak berea balitz bezala hartzen du. Gure artean izandako harremanak eraikitzaileak izan dira. Ikasi dugu badaudela errealitatea hautemateko era desberdinak. Nire kasuan, momentu batzuetan iritzirik ez nuelataz konturatu naiz, baina batzuek eta besteekin hitz egin ondoren, nire ideiak eraiki ditut.

Aurreko ikasketetan izandako eskarmentuaren arabera, nik esan nezakeen edozein helburu lortzeko, lehenbiziko urratsa helburua bera definitzea dela. Lehenbizi helburua definitu eta gero plangintza estrategiko bat egin helbururaino lortzeko. Baina ez naiz konszientea izan modu horretan ia beti helburuak beste batzuek pentsatutakoak zirela, irakaslek adibidez. Orain badakit elkarren arteko ekintzailetasuna bultzatuz hasiera batean helburua definitu gabe badago ere, naturaltasunez, urratsez urrats, helburu partekatuak eraiki ditugula eta gai sentitzen naiz beste edozein proiektuan parte hartzeko, besteak beste, pertsona bezala tratatua sentitu izan naizelako, nire beldurrak eta nire hutsuneekin, ni bakarrik inolaz ere zeharkatuko nuen ibilbidea osatu dut.

2016(e)ko maiatzaren 2(a), astelehena

Atzerriko egonaldiez jakintzak partekatzeko saioa

Datorren asteazkenean, 2016ko maiatzaren 4an, topaketa informal bat antolatu dute Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako hainbat ikaslek. Ideia da euren bizipenak konpartitzea, unibertsitate eredu desberdinak komentatzea, kulturartekotasuna eta hizkuntz aniztasuna mintzagai izatea... baita ere, argitzea zein oztopo administratibo garrantzitsu topatu dituzten bidean, nola lortu duten bizirautea, jan-edatea, garraiatzea...



Zeu ere atzerrian izandakoa bazara, ederra izango da zure esperientziaren berri ere izatea! Eta atzerrian egon ez bazara, oso baliagarriak izango dira zure ikuspegiak, jakintzak partekatzetik eraikitzerako bidean.
  • Data: 2016ko maiatzak 4
  • Ordua: 12:30-14:30 (ahal/nahi duzun tartean etorri, ordutegi horren barruan)
  • Gela: Irakasletza Ikastegiko 1.2 gela (Magisteritza Eskola)
Anima zaitez!

2016(e)ko otsailaren 1(a), astelehena

Eskolatik Fakultatera... jauzi!

Kaixo lagunok:

Zeinek esango zigun, #magisfesta antolatu genuenean, benetan izango zela Donostiako Magisteritza Eskolan egingo zen azken festa!

#magisfesta
2015eko urriaren 22an desazkundean oinarritutako festa antolatu genuen, festa irekia, elkartu zen jendearekin batera sortzen joan ginena... eta bazkari autogestionatu, partekatu batekin amaitu genuena, gitarra batekin eta gure ahotsak erabiliz animatu genuena... Ze ederki pasa genuen!!! Kurtso guztietako jendea elkartu zen, hori ez da batere erraza! Eta festa horretatik aurrera, pasiloetan barrena edo kafetegian ikusten genuen jendea ez zen berriro ere "aurpegi ezezagun anonimo multzo bat" izango, izenez eta irribarrez ezagutuko genuen jendea baizik!

Pertzepzioa genuen Magisen izango zen azken festa izango zela (lehena ere ez dakigu izango zen... tankera honetakoa beharbada bai), izan ere, entzuna genuen Eskolatik Fakultatera pasako ginela. Eta guri, ba, asko gustatzen zaigu Eskolari magis deitzea, edo majis! Unibertsitatean egoteko modu asko dago eta gure Eskolan, ikasketak horrelakoak izaki, ez da arraroa jendea kantuan entzutea, edo korrika eta jolasetan, edo lurrean botata plastikako lanak egiten. Nahiz eta konturatu gabe, pixkanaka sistemak heriotzera bultzatzen gaituen, hilda sentitzera, robotizatuak, beti irakasleen betekizunetan endredaturik.

HILDA GAUDE! kanpaina, H!rakasle aldizkaria iragartzeko
Azken batean, #magisfesta BIZIRIK GAUDEla aldarrikatzeko modu bat izan zen, PIK-GUK pik-nik kolektiboarekin eta inprobisatutako kontzertuarekin batera

PIK-GUK eta inprobisatutako kontzertuaren osteko hausnarketa

Eta Gabonen bueltan, jakin dugu horrela, ekitaldi berezirik egin gabe, agurrik gabe, dagoeneko ez garela Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Irakasletza eraikineko jendea baizik.


Orain...



Eta gure magis, logoaren aldamenean dagoen zutabetxo bat baino ez da...



Ba tira! Hala bada, hala izango da! Baina ez dugu horren erraz ahaztuko gure magis!