2016(e)ko iraila 7, asteazkena

Oporretatik itzuli gara... eta ez gatoz esku hutsik!!!

Kaixo! Hementxe gaude, oporren bueltan, eta egun hauetan ixil-ixilik egon gara hortxe genbiltzalako lanean, gauzatxoak prestatzen... 2016/17 ikasturtea iritsi da!!! Dena ondo joan dakizuela opa dizuegu!

AURTENGO FORMAKZIO PROPOSAMENA:

KAOS SORTZAILEA ETA KONPLEXUTASUNA

Buruari bor-bor eman ondoren eta asko hitz egin ostean, bururatu zaigu interesgarria izan daitekeela aurrez aurreko jardunaldiak eta online lana elkarlotzea, elkarri lagundu, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin eraikitzen segitzeko.

Uste dugu jakitea, eztabaidatzea eta hausnartzea oso garrantzitsua dela, baina... jakite hutsak ez du askorik laguntzen Mundu Berri bat eraikitzen... eta horregatik pentsatu dugu formakzioak (formazioa+akzioa, ekintza) eraldaketa erraztu beharko lukeela partaide bakoitza dagoen lekuan. Horregatik, aukera zabaldu dugu munduko leku desberdinetan jardunaldiak nork bere gustura antola ditzan (gutxienez aurrez aurreko 8 ordu eginda) eta online gunean elkartzea

Hori dela eta, Ilusionista Sozialen Mintegiaren 2016ko jardunaldiak munduko leku desberdinetan egingo dira, lekuan lekuko proposamena gauzatuz eta gero, online gunean segituz. Online formakzioari "KAOS SORTZAILEA ETA KONPLEXUTASUNA" deitu diogu (#caoscreativo) eta gaztelaniaz izango da (euskara hutsezko online ikastaro bat egingo dugu 2017ko urtarril-otsailean), eta leku bakoitzean egingo diren jardunaldiek gai eta izen berezia izango dute, leku bakoitzeko koordinatzaileek erabakiko baitute.

Jardunaldietan eta online ikastaroan parte hartzea DOAKOA da eta irekia, hau da, ez da beharrezkoa izena ematea, saio guztietara joatea... Soilik da beharrezkoa izena ematea 50 orduko formazio-egiaztagiria eskuratzeko (egiaztagiria ere doakoa da).

Formakzioaren amaieran egiaztagiri bat emango zaie %75eko asistentzia gainditzen duten partaideei.


Jardunaldi eta ikastaroetako izenematea: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

AURREZ AURREKO JARDUNALDIAK

Orain arte egoitza hauek ditugu baieztatuta, eta espero dugu datozen egunotan beste leku batzuk batzea: Xalapa (Mexiko), Bormujos (Sevilla), Cuernavaca (Mexiko)... eta oraingoz ixilpean gordeko dugun beste pare bat...

  • EGOITZA: MEXIKO HIRIA

JAKINTZEN ARTEKO ELKARRIZKETA ETA ERAIKITZE KOLEKTIBOA


DATA: 2016ko irailaren 10etik urriaren 15era
LEKUA: Casa Libertad, Universidad Autónoma de la Ciudad de México (UACM) eta Ixcalli Jangela eta Parke Komunitarioa
ORDUA: Tailer/Hizketagune bakoitzak ordutegi propioa du, begiratu estekan informazio gehiago izateko (guztira 20 ordu aurrez aurre)
ANTOLATZAILEAK: LaTICFM-Aula Abierta Comunitaria, Universidad Autónoma de Ciudad de México (UACM).
KOORDINAZIOA: Emiliano Urteaga, Sandra Marco, Felicitas Ovalle, Sinaí Rivera, Ricardo Vega eta Julieta Santos (laticfm@gmail.com)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/cdmx-2016

  • EGOITZA: SEVILLA

JABE-GABETZE KOMUNITARIOA


DATA: 2016ko irailak 19-20
LEKUA: Asociación Avv Andalucía, Bda. San Diego, Local 51, Sevilla
ORDUA: 17:00-21:00 (guztira 8 ordu aurrez aurre)
ANTOLATZAILEAK: UNILCO-espacio nómada Sevilla eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa, UPV/EHUko Ilusionista Sozialen Mintegiarekin batera.
KOORDINATZAILEAK: Carmen Pérez eta Javier Encina (ilusionismosocial@gmail.com)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/sevilla-2016-09

  • EGOITZA: DONOSTIA (GIPUZKOA)

NORENA DA HIZKUNTZA? Kultura herrikoiak eta hizkuntzaren jabe-gabetzea



DATA: 2016ko urriak 5, 13, 14, 15, 19, 20 eta 21 (ez da beharrezkoa saio guztietara bertaratzea)
LEKUA: UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Irakasletza eraikina (Magisteritza). Oñati plaza 3, z/g, Donostia.
ORDUA: 16:30-20:30.
*Urriaren 15eko saioa, larunbata, Innova4B erakundearen egoitzan izango da, 10:00etatik 14:00etara.
ANTOLATZAILEAK: Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU) eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa.
LAGUNTZAILEAK: Multimedia Educativa, Innova4B, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusa, UNILCO-espacio nómada.
KOORDINAZIOA: Ainhoa Ezeiza (ainhoa.ezeiza@ehu.eus)
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10

ONLINE FORMAKZIOA

Online formazioko koordinatzaileak: Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA



Dagoeneko zabalik dago online gunea, astez aste egituratua, nahi duenak ikuska dezan:

http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=36

Online formakzioan, astero gai bat jorratuko du partaideak, proposatu ditugun materialak abiapuntu gisa hartuta, edo hobeto esanda, aitzakia gisa hartuta. Eztabaida dinamizatzen lagunduko dugu eta partaideen erritmo, interes, nahi eta elkarreraginen arabera joango gara dinamikak eraikitzen. Kalkulatu dugu astero 6 ordu behar dituela partaideak, 5-7 astetan zehar.

Online atala blokeka antolatu dugu, partaideen ibilbidearen arabera, eta saiatu gara partaideen interesguneak bilatzen eta baita elkar gaitezen guneak eta momentuak proposatzen.

Informazio zehatz guztia webgunean duzue: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa


Beno ba, gaurkoz hauxen!!! Segiko dugu berriak kontatzen: sortzen ari garen aldizkaria, astelehenean hasiko ditugun klaseetako gorabeherak, gure hausnarketak eta proposamenak...

ONGI ETORRI!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina