2016(e)ko urria 17, astelehena

TAILERRA: Kultura herrikoiak eta sortze poetikoa #ISM16

Euskal Herriko Unibertsitateko Ilusionista Sozialen Mintegiko II Jardunaldien baitan, datorren asteazkenean, 2016ko urriaren 19an, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Irakasletza Eraikinean (Oñati plaza 3, Donostia), Kultura Herrikoiak eta Sortze Poetikoa izeneko tailerra egingo dugu, 16:30etatik 20:30etara.


Tailerra Julen IRAZUSTA kantautore eta hezitzaileak eta Rafael AMOR trobadore eta kantoreak dinamizatuko dute. Biek dute musika industriaren ikuspegi kritikoa, baita sentsibilitate handia ere sortzearen inguruan eta jendearekin EGOTEAk duen garrantziaz, jendearekin sortu, bizitza jendearekin partekatu, musika aitzakiatzat hartuta, espazioak dinamizatzeko eta bitartekaritza desiratuak sustatzeko.

Tailer honetan, hasieran banakako lana, taldekakoa eta kolektiboa egingo dugu, kultura herrikoietan eguneroko bizitzan sortzeko erabiltzen diren moduak izango ditugu hizpide, oraindik izendatzen asmatu ez dugun zerbait... baina jakin badakigu asko dutela troba, hitz-jolasak, alaitasuna eta gozamena, eta baita erresistentzia ere, historia jendearen bizipenetatik abiatuta kontatu nahia, pentsatu/sentitu/egin elkarlotu nahia...

Ideia da saioak hiru zati izatea:

  • Jendea etorri ahala jarriko gara lanean, kultura herrikoiak eta sorkuntza hizpide duen testu labur baten laguntzaz. Horrela, lehenik banakako lana egingo dugu eta gero talde txikitan.
  • 17:15etatik aurrera gutxi gorabehera, taldeetan hitz egindakoa kolektiboki zabalduko dugu. Hor hasiko da solasaldi irekia, sorkuntzari buruz eztabaidatzen jarriko gara, tentsio hori banakakoaren (talentuaren...) eta sozialaren (kolektiboaren, partekatuaren...) artean. Ideia da atal honetan eztabaidan hitzak eta musikak tarteratzea eta elkarlotzea.
  • 18:30etan atsedena egingo dugu kafea hartzeko, eta giroaren arabera orduan hasiko da errezitala edo azken prestakuntzak egingo ditugu errezitalerako. Kafea gelan bertan hartuko dugu. Errezitala Julen eta Rafaelen artean korapilatuko da, euskara eta gaztelania elkarrekin josiz... Beranduenik, 20:30etan amaituko dugu, ordu horretan itxiko baitute Eskola.

Gauzak ez daude itxita saioa jendearekin egingo dugun eraikitze kolektiboa izan dadin.

Hortik aurrera, ez dakigu zehazki zer gertatuko den baina bai musika, eraikitze kolektiboa eta debatea egongo dela.

SARRERA LIBREA ETA DOAKOA da, nahi duena etor daiteke nahi duenarekin (eskertuko dugu lagunduta etortzea!)



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina