2017(e)ko urria 24, asteartea

Urriak 24: Eskola, ingurunea eta boterea

Dagoeneko hasiak gara Ilusionista Sozialen Mintegiko Nazioarteko III Jardunaldietan, eta atzo hezkuntza eta autonomia Filosofiaren eremutik landu bagenuen, gaur eskola izango dugu hizpide, Pedagogiaren ikuspegitik.

Poster formatutik abiatuko dugu eztabaida, partaideok adituekin gertutasunez hitz egin ahal izateko. Hiru poster jarriko ditugu eta hiru talde osatuko ditugu, horrela lehen zatian posterraren aitzakiaz joango da aditu bakoitza bere ikuspegia aurkezten, partaideen laguntzaz. Atsedenaren ondoren, debatea zabalduko dugu hiru posizioen arteko loturak eta disentsuak lantzeko.

1. POSTERRA: Boterea, eskola eta ingurunea: Esperientziatik hausnarketara. Nora BARROSO eta Nekane MARTIARENA. Haziak proiektua.

Haziak Proiektua (http://www.haziak.eus/) gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea helburu duen egitasmoa da; bertan, haurrak protagonista dira, baina prozesu honetan guztiak behar dira, irakasleak eta hezitzaileak, gurasoak eta herritarrak, hezkuntza formala eta ez formala uztartzen baititu ekimen honek.

Guri bereziki interesatzen zaigu Boterearen inguruan egindako hausnarketatik abiatuta, eskola eta bere ingurunea elkarlotzeko garatzen ari diren esperientzian, sorkuntzaren eta norberaren hausnarketatik abiatuta.


2. POSTERRA: Boterea eta eskola. Pedagogia libertarioa. Ani PÉREZ RUEDA. Universidad Autónoma de Madrid (UMA).

Pedagogia libertarioa oso ikuspegi baliotsua bada ere, behin eta berriz izan da Botereak ixildua. Berez, pedagogia libertarioaren printzipioak gaur egungo proposamen ugaritan daude jasoak, ikuspegi honetan oinarritzen direla adierazi gabe eta xedeak aldatuz.

Pedagogia libertarioaren printzipioak ANTIAUTORITARISMOA, AUTOGESTIOA, HEZKUNTZA INTEGRALA, ELKARTASUNA ETA ELKARREN ARTEKO LAGUNTZA eta HEZKIDETZA.

3. POSTERRA: Eskola zentrifugoa. Ainhoa EZEIZA, Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU).

Gure ikuspegiaren arabera, eskolak soilik izango du balioa komunitatearentzat zentrifugoa baldin bada, hau da, barrutik kanporantz biraka. Eskola nagusiaren aurrean, bi posizio nagusi daude: eskola alternatiboak sortzea edo deseskolarizatzea. Bi ikuspegi hauek problematikoak dira, izan ere, soilik zenbait elite sozialek dute eredu hauetarako sarbidea. Eskola zentrifugoaren proposamenean, berriz, gaur egungo eskola-egiturak malgutzea proposatzen dugu, desinstituzionalizatzen joateko eta eskolakoak ez diren bestelako espazio hezitzaileak balioesteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina