Ilusionista Sozialen Mintegiaz

Ilusionista Sozialen Mintegia 2014ko irailean hasi zen lehen pausoak ematen eta azaroaren amaierako lehen kedaden ostean, 2015eko apirilaren 13tik 20ra bitarteko topaketetan hartu du eratze ofiziala.

Mintegi honetan egiten ditugun topaketak irekiak dira, edonork har dezake parte eta hezkuntzaz eztabaidatzea, esperientziak trukatzea, jakintzak kolektiboki eraikitzea eta horizontalki ikastea dugu ideia nagusi gisa. Horretarako, Ilusionismo Sozialetik abiatzen gara eta hezkuntzaren jabe-gabetzea dugu oinarri.

Mintegi hau ikerketa-formakzio talde bati dago atxikita:

ILUSIONISMO SOZIALA.
Hezkuntzaren jabe-gabetzea, partaidetza eta jakintza herrikoiak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Irakasletza Eskolari atxikia dago, eta hauxe da webgune nagusia:

http://www.ehu.eus/ism


Ikertzaile nagusia: Ainhoa Ezeiza (ainhoa.ezeiza@ehu.eus)

Une honetan egiten ari garen ikerketa proiektua:
Ezagutza zientifikoak eta jakintza herrikoiak kolektiboki eraikitzen jabe-gabetzean oinarriturik.

Eta prestatzen ari garen partaidetza proiektua:
Kultura herrikoiak eta aniztasuna Donostiako Altza auzoan


Ilusionista Sozialen Mintegiaren inguruko historia pixka bat...


Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, 2014ko maiatzean hasitako bide bat jorratzen ari gara: jabe-gabetzea ("desempoderamiento"), hezkuntzaren jabe-gabetzea, ikaskuntzaren autogestioa eta ilusionismo soziala.

Lehenik, "Jabe-gabetzea, Partaidetza eta Autogestioa" izeneko mintegi laburra antolatu genuen (hemen orduko blog-sarrera) Ikaskidetza Proiektuaren barruan, 2014ko maiatzaren 6-7an, Juan José Calderón @eraser eta Javier Encinarekin. Mintegi honek ikuspegia guztiz aldatu zigun eta hortik, uztailaren 16an beste mintegi labur bat egin genuen, "Jabe-gabetzea: hezkuntzarena, estetikoa eta komunitarioa", Ikaskidetza Proiektuaren itxiera gisa, oraingoan Magisteritzako ikasle batzuk gonbidatu genituen eztabaidara, beste irakasle, gizarte-eragile eta eragile kultural batzuekin batera.


Harrezkero, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Ilusionista Sozialen Kolektiboaren eta UNILCO-espacio nómada elkartearen laguntza izan dugu, 2014-15 ikasturtean zehar partaidetza eta jabe-gabetze prozesuak martxan jartzeko, blog honetan eta gaztelaniazko beste honetan argitaratzen gabiltzan eran. Ikasleon arteko kidetza eta ikaskuntzaren autogestioa sustatzeko, watxap talde bat sortu dugu, hainbat eposta-zerrenda eta duela gutxi, Facebook-eko taldea.

Hainbat kedada, topaketa, debate... egiten ari gara 2014ko azaroaz geroztik, baita bideoen ekoizpena, itzulpengintza... ere, eta pentsatu dugu unea iritsi dela ofizialki mintegi egonkor bat eratzeko: ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA.


ZER DA ILUSIONISMO SOZIALA?

Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia parte hartzaileak dituena (IAP bereziki) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez. Pentsatutakoa eta sentitutakoa, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezin direlarik ezberdindu. Javier ENCINA, Mª Ángeles ÁVILA (2010).


ILUSIONISTA SOZIALEN KOLEKTIBOA

Lan-talde hau Ilusionista Sozialen Kolektiboaren parte da. Kolektibo hau munduan zehar barreiatuta dagoen sare bat da, Ilusionismo Sozialean lan egiten duena, jendearekin eta jendearengandik lan eginez, esparru desberdinetan: lan komunitarioan, jakintza herrikoien gainean lan eginez, hezkuntza informalean, unibertsitatean, kooperazioan... 

Hona partaideen zerrenda: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/pertsonak





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina